Itxi

Musika

Igandean, Euskalduna Jauregian

Haitiko kaltetuen aldeko kontzertua eskainiko du BOSek

Erredakzioa

Igande honetan Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskainiko duen kontzertu solidarioan bildutako diru guztia Haitira bideratuko du Medicos del Mundo gobernuz kanpoko erakundeak.

Haitiren aldeko kontzertu solidarioa hartuko du igande honetan Bilboko Euskalduna Jauregiak. Bertan bildutako diru guztia Medicos del Mundo gobernuz kanpoko erakundeak kudeatuko du, lurrikararen ondorioz Haitiko kaltetuak laguntzeko asmoz.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak, BOS, eta Bilboko Abesbatzak Beethovenen 9. sinfonia interpretatuko dute. Marta Ubieta sopranoa, Maria Jose Suarez mezo-sopranoa, Joan Cabero tenorea eta Fernando Latorre baxua izango dira eszenatokiaren gainean, Miguel Angel Gomez Martinezen zuzendaritzapean.

Sarrerak salgai daude Euskalduna Jauregiko txarteldegietan eta BBk-ko ohiko kanaletan. Prezioak 15 eta 25 euro bitartekoak dira.

Elkartasuna Donostian ere

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, OSE, eta Donostiako Orfeoia beste kontzertu solidarioa prestatzeko batu dira, kasu honetan Donostian. Kursaalen izango da datorren otsailaren 27an eta 50.000 eta 60.000 euro bitartean biltzea espero dute, Gurutze Gorriak kudeatuko duena.