Itxi

Reala

Garaipenaren gola sartu zuen

Bravo (Reala): "Aspalditik nuen buruan"

Ander Altuna

Zubieta

Atezain apartak izan ditu bere ibilian Realak baina ez goleatzaileak. Horretan lehena txiletarra izan da.

Claudio Bravok geldiketa bikainak egin zituen aurreko astean Murtziaren kontra. Horregatik izan ez balitz, esku hutsik bueltatu zatekeen Reala. Ez zen aurreneko aldia izan ezta gutxiagorik ere. Dena den, atezain batek ohikoa ez duena egiteagatik ohiartzun handiago lortu du. Marka da gero. "Aspalditik nuen buruan. Aldagela barruan sarritan hitz egin dugu aukera horretaz eta atzo guzti-guztiek hurbiltzeko esan zidaten. Bai entrenatzaileak baita taldekideek ere. Zorionez ez nuen huts egin adierazi du Zubietan".

"Ongi atera ala ez, jokaldi eztabaidatsua da. Batzuek txalotua, besteek gorrotatua. Zenbat buru hainbat aburu. Atzo sareetara joan zelako baina giza-hesian jo izan balu eta kontraerasoan gola sartu? Arriskutsua da, ados. Baina, batzuetan arriskatu egin behar da eta ondorioak onartu. Nik uste onuragarria izan daitekeela. Atzo hiru puntuak eskuratzeko balio izan zuen". Ez du jaurti izanaren damurik: "Berriz ere egingo nuke".

Kontuak kontu, funtsezkoena garaipena eskuratzea zen. Konfiantzarako baliagarria izateaz gain, sailkapenean eragina izan du. Numantzia eta Levante ez dira gerturatu eta Betis eta Rayorekiko tartea berriz, handitu egin da. 12 eta 16 puntura daude, hurrenez hurren. Ansotegirentzat aitzitik, ezin inoren izena ezabatu. "Goiz da horretarako. 18 partida geratzen dira eta bi talde horiek garaipen bolada bati ekiteko jokalariak badituzte. Geurean pentsatu behar dugu, irabazi beharrekoa irabazita ez dugulako besteengan erreparatu behar ".

Gironan jokatu du heldu den igandean Realak arratsaldeko bostetan. Labakak bosgarren txartel horia ikusi zuenez, Lasartek beste norbaitengan pentsatuko du. Gonzalez osatze bidean da, gaur ere korrika aritu da erritmo onean baina bere parte hartzea ziurra ez denez Josu Esnaolak aukera izan lezake.