Itxi

Athletic Club

San Mames

Athletic-Anderlecht (Europa League): Lehiatzen jakitea da giltza

Haritz Gallastegi

Lezama

Caparrosen iritziz Athleticeko jokalariak "inteligenteak" izan behar dira kanporaketaren irakurketa egiterako orduan.

Athletic hilabete bi pasatxo egon da zain Europako Ligan lehiatzen jarraitzeko. Gogoa, gosea eta ilusioa da nagusi jokalarien artean. Aurrean duen taldeak ere antzeko gogoa izango du. Gogoa antzeko izango da eta, antza denez, kirol maila ere bai. "Kanporaketa irekia izango da. Gu ez gara aurkaria baino gutxiago. Estrategian gehiago gara, eta San Mamesen bultzada aprobetxatu behar dugu", esan du Joseba Etxeberriak.

Caparrosek, berriz, Anderlecheten jokatzeko eraren berri eman digu. Teknikariak esandakoari erreparatuz gero, argi geratu da jokatzeko ere antzekoa dutela talde biek. "Anderlecht talde fisikoa da. Jokalari indartsuak dira eta ondo kokatzen dira zelaian. Gainera, sasoi onean dagoen taldea da".

Teknikari zuri-gorriaren iritziz aurkariak kontraerasoari atera diezaiokeen etekinari arreta berezia jarri beharko zaio. Horretarako, ezinbestekoa izango da kanporaketaren irakurketa egokia egitea. "Lehiatzen jakin behar dugu. Bi neurketako kanporaketa da. Talde inteligentea izan behar gara".

Bestalde, entrenatzailea eta teknikaria ez dira ados jarri atea hutsean mantentzeak izan dezakeen garrantziarekin. Utrerakoarentzat garrantzitsua izango da. Etxeberriarentzat, askoz ere balio handiago du irabazteak. "Bi taldeok daukagun jokatzeko era aintzat hartuta, askoz garrantzitsua da irabaztea. Horrela, itzulikoan eurak arriskatu beharko dute".

Yeste hamaikakora bueltatuko da

Yeste, Etxeberria eta Iturraspe dira Athleticen deialdiko berritasunak. Hiruretatik basauritarrak dauka bermatuta lekua hasierako hamaikakoan. Litekeena da Toquerok ere lekua berreskuratzea taldean. Gainerakoak, ohikoak izango dira. Koikili, David Lopez eta Gabilondo dira zerrendatik kanpo geratu direnen artean azpimarragarrienak.

Athletic: Iraizoz; Iraola. San Jose, Amorebieta, Castillo; Gurpegi, Orbaiz, Javi Martinez, Yeste, Toquero eta Llorente.

San Mames
22:00
Epailea: Matteo Simone