Itxi

kirolak

Asteartean, partida Logroñon

Reala: Prieto eta Zurutuza bueltan dira

Ander Altuna

Jokalari txuri-urdinek normaltasunez entrenatu dute eta baliteke Huescan jokatzeko modua izatea.

Dani Estrada baino ez da geratzen Zubietako erietxean Prieto eta Zurutuza osatu ondoren. Azken bien kasuan, aurreikuspenak bete egin dira eta asteko lehenbiziko saioan parte hartzeko modua izan dute. Huescako neurketa begiz jota dute biek ere, nahiz oraindik orain, goiztiarregia izan edozer aurreratzeko. Entrenamenduen poderioz erabakiko dute berragertzeko garaia ote den. Lasarterentzat funtsezko jokalariak izanik ez du arriskurik txikiena ere hartuko eta behar bezala egonez gero baino ez lukete bidaiatuko. Ostiralean burutuko dute partida aurreko azken saioa eta ordu arte zain egon behar.

Partida oso garrantzitsua da Realarentzat. Sailkapeneko egoera ez da itogarria ezta gutxiagorik ere, baina lasaitasun eremuan jarraitu ahal izateko garaipenak ezinbestekoak dira, are gehiago, Gironaren kontra galdu eta gero. Mikel Gonzalezentzat, “liga aurrera doan einean, talde bakoitzak geroz eta gehiago du jokoan eta ez da batere erraza etxetik kanpo irabaztea. Huescaren zelaia desatsegina da, txikia, zaleak bertatik bertara daude... era berean, irabazteko toki aparta”.

Prietoren itzuleraz ere mintzatu da arrasatearra. “Notizia oso ona da. Ongi baino hobeto etorriko zaigu oso jokalari ona delako, onena esango nuke, baina ez da ahaztu behar berak bakarrik ezin duela dena egin eta taldea behar duela”.

Lagunartekoa Logroñon

Logroñesen kontra neurtuko ditu indarrak talde txuri-urdinak Las Gaunasen 19:30etatik aurrera. Haitiren alde dirua jasotzeko balioko du partidak.