Itxi

kirolak

Alerta gorria, haizea dela eta

Kirol ekitaldiak bertan behera utzi ditu Herrizaingo sailak

Erredakzioa

Futbolean, Bigarren B Mailako eta Hirugarren mailako partida batzuk atzeratu egin dira. Gainera beste kirol ekitaldi batzuk ere bertan behera gelditu dira.

Herrizaingo Sailak bihar etxetik ez ateratzeko gomendioa egin die herritarrei ziklogenesi leherkorra iritsi daitekeelako bihar arratsaldean, eta haizeak 140 edo 150 km/h-ko abiadurara irits daitezke. Aurreikuspen horrekin, alerta gorria jarri du abian eta kanpoaldean egiten diren eskolako eta federatutako kirol ekitaldiak bertan behera utzi ditu.

Raul Fernandez Arroiabe Herrizaingo sailburuordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, bihar arratsaldeko lauetan krisi-mahaiaren bilera egingo dute eta orduan jakingo dute Euskal Herrira iritsiko den haizea "indartsua ala oso indartsua" izango den.

Printzipioz, haizeak 140 edo 150 km/h abiadura har dezakeela espero dute, eta ondorioz, herritarrei etxean geratzeko deia egin die.

Azaldu duenez, kanpoaldean egiten diren eskolako eta federatutako kirol ekitaldiak bertan behera utziko dituzte biharko 15:00etatik igandeko ordu horretara arte. Gainera, azokak eta merkatuak egitea ere baztertzea aholkatu dute.

Bigarren B Mailan, Bilbao Athletic-Celta B partida, bertan behera gelditu da. Hirugarren Mailan, Leioa-Santurtzi, Reala B-Lagun Onak eta Zamudio-Baskonia, ere atzeratue gin dira.