Itxi

Reala

Adelante Liga

Salamanca-Reala: Orain da garaia

Ander Altuna

Erredakzioa

Sailkapeneko postua sendotzeko aukera izango dute txuri-urdinek Salamancan 3000 zaleen babesarekin.

Zatirik erabakiorrenean sartuta dago zilarrezko maila. Talde gehienek zerbait jokoan dutenez irabazteko gosea areagotu egin da. Ondorioz, indarrak parekatu eta lehiak nabarmen estutu dira. Salamanca ez dago ez bere momenturik onenean. Beherantz begira jarriak daude, jaitsiera postuetatik bost puntura, eta garaipen premian. Aste batzuk atzera, egoera berean zegoen Gironaren kontra neurtu zituen indarrak Realak, baita galtzaile atera ere. Sailkapenaren goikaldean ala behekaldean egon, inork ez du soberakinik eta txuri-urdinek hortzak erakutsi ezean jai izango dute Helmanticon.

Haatik, horrek guztiak ez du esan nahi Lasarteren taldeak hiru puntuak patrikaratzeko aukera paregabea ez duenik. Nabarmen moteldu dute gaztelarrek erritmoa azken hilabeteetan eta arnas estuka ailegatzen dira. 17. jardunaldiaren aurretik, Cartagenaren zelaian garaipen handia eskuratu berritan, bosgarrenak ziren murtziarrekin eta Betisekin puntutan berdinduta. Orduz geroztik, zurrunbilo itogarrian barneratzen joan da. Tarragonan irabazi baino lehen, bost berdinketa eta bost porrot erdietsi zituzten jarraian, entrenatzaile aldaketa tarteko. 21. astean kendu zuten kargutik Oliva eta bere ordezko Sitok sei gehiago behar izan ditu garaipena ezagutzeko. Batez ere, etxean dauzka komeria franko. Bertan jokatutako azken sei neurketetan bi puntu baino ez ditu atera, Castello eta Cadizen aurka, eta guztira, gehiagotan atera da galtzaile (lau garaipen, lau berdinketa eta sei porrot). Zailtasun horiei probetxua ateratzen ahaleginduko da Reala. Aurrerapauso handia litzatekeen.

Jarraitzaile txuri-urdinen uholdea

3.000 inguru izango dira Helmanticon sartuko direnak. Atzo esaterako, 600 sarrera jarri zituen klubak salgai Anoetan eta gaur goizeko mugimenduaren ostean 30 bat baino ez ziren geratzen. Horretaz gain, Salamancaren bitartez sarrerak eskuratzen ari denik ere bada. Soria eta Huescakakoa izugarria izan bazen atera kontuak zer izango ote den Salamancakoa.