Itxi

albisteak

Portugal Telecom

Portugal Telecomen gaineko "urrezko akzioa", legez kanpo

Erredakzioa

EBko Justizia Epaimahaiaren erabakiak, Telefonicak enpresa portugaldarra erosteko asmoari bultzada nabarmena eman diozaioke. Telefonicak 7.150 milioi euroko eskaintza egin du uztailaren 16ra arte.

Portugalek Portugal Telecom (PT) telefonia enpresarekiko dituen eskubide bereziak legez kanpo daudela erabaki du gaur Europako Justiziak. Epaimahaiak emandako sententziaren arabera, Portugalek kapitalen mugimendu librearekin dituen betebeharrak alde batera utzi ditu Portugal Telecomeneko ‘golden shares’ delakoen inguruan eskubide bereziak gordez.

Epaimahaiaren hitzetan "PTren etorkizunari lotuta dauden hainbat erabaki garrantzitsuk Estatu portugaldarraren adostasuna behar dute" eta honek PTren kudeaketan duen eragina ez du bidezko ikusten; izan ere, Gobernuak duen eragin honek Europako beste operadoreen zuzeneko inbertsioentzako oztopo izan daiteke.

Europako Justizia Epaimahaiaren erabakiak, Telefonicak PT erosteko duen asmoari bidea erraztu diezaioke. Hain zuzen, enpresa espainiarrak uztailaren 16a arteko epea eman dio TPri 7.150 milioi eurotako eskaintza onartzeko, epaimahaiaren erabakia ikusita, TPko akziodunek eskaintza hori begi onez ikusiko dutelakoan.

Eskubide bereziak, indargabetuta

Europako Batzordeak jarri zuen 2008an Portugalen kontrako salaketa Europako Justiziaren aurrean, Estatuak komunikazio konglomeratuaren gainean dituen eskubide bereziak direla eta, espedientea zabaldu eta hiru urtera.

Bruselak onartzen ez dituen eskubide berezien artean administrazio kontseiluko kideen herena erabakitzeko aukera eta zuzendari eta beste hainbat erabaki garrantzitsuei betoa emateko eskubidea daude.

Hauek izan ziren hain zuzen, ekainaren 30ean, PTk Vivon, Brasileko telefonia enpresa liderrean, izan behar zuen eskuhartzea galarazteko Portugalgo gobernuak erabilitako eskubidea. Nahiz eta 7.150 milioi eurotako operazio honek akziodunen %74ak begi onez ikusi.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen esanetan, Justizia europarrak hartutako erabaki hori betetzea bermatuko du. Era berean, Chantal Hughes Barne Merkatu eta Finantza Zerbitzuetako bozeramaileak epaimahaiak esandakoa "berehala" bete beharko litzakeela adierazi du.