Itxi

Sanferminak

Balantzea

% 3 bisitari gehiago izan dira aurtengo sanferminetan

Erredakzioa

Bost adarkatu izan dira entzierroetan eta inoiz izandako azkarrenak izan dira. Alkateak jaietan izandako bi sexu-erasoak eta bortxaketa bat salatu du.

  • Enrique Maya Iruñeko alkateak 2011ko San Ferminetako giroaren "normaltasuna" azpimarratu du

    Enrique Maya Iruñeko alkateak 2011ko San Ferminetako giroaren "normaltasuna" azpimarratu du

Enrique Maya Iruñeko alkateak 2011ko San Ferminetako giroaren "normaltasuna" azpimarratu du. Aurtengo sanfeminek bisitari gehiago izan dituzte, % 3 gehiago.

Mayak sanferminetako bederatzi egunen balantzea egin du ostiral honetan. "Jai biribilak izan dira, normaltasunez garatu dira, eta eguraldi ona izan da nagusi; jende ugari etorri da, batez ere, asteburuan, eta azken egunetan toki gehiago izan da iruindarrentzat".

Alkatearen hitzetan, 2010ean izandakoa baino "jendetza" handiago izan da bidesarietatik igarotako ibilgailuen eta trenean etorritako lagunen kopurua kontuan hartuta.

Iruñeako hotelak % 85ean bete dira, eta ia ehuneko ehunean lehen egunetan.

Bost adarkatu izan dira entzierroetan, "iaz izandako hamar adarkatuetatik eta 2004an izandako 16 adarkatuetatik oso urrun". Alkatearen hitzetan, inoiz izan diren entzierrorik azkarrenak izan dira, batezbeste 2 minutu eta 32 segundorekin. 2008koak izan ziren unera arteko azkarrenak, 3 minutu eta segundo batekin.

"Milioi eta erdi ikusle baino gehiago" izan dira ekitaldi ofizialetan, alkatearen esanetan.

Segurtasunari dagokionez, 2.011 salaketa izan dira, gehien bat, lapurretak (1.183). Aurten, % 1,4 behera egin dute salaketek.

Sanferminetan izandako bi sexu-erasoak eta bortxaketa bat hizpide izan ditu Mayak: Udala lan egiten ari da eraso hauetako biktimak artatzeko eta sexu-erasoak saihesteko. Iruñeako alkatearen hitzetan, "sendo jardungo gara" eraso horien aurka eta "erabateko gaitzespena adieraziko dugu".

Azkenik, hilaren 10ean entzierroetako hesitik jausi zen eta paraplegia izan ditzakeen Barakaldoko gaztea gogoratu du Mayak. Elkartasuna helarazi dio, eta senideek ondo deritzotenean gaztea bisitatuko duela esan du.