Danborrada 2017
Abian da danborrada
Danbor hotsek Donostia hartu dute, San Sebastian egun handia ospatzeko
Erredakzioa
Urtero bezala, Raimundo Sarriegiren martxak abiatu du jaieguna, eta aurten, estreinakoz, emakume bat izan da Ureztatzaile Nagusia. Azpeitian eta Tafallan ere jai giroan murgildu dira.
2012ko danborrada abian da, eta Donostian danbor hotsak dira nagusi. Konstituzio Plazako ordulariak 00:00ak jo dituenean hasi da San Sebastian egun handia, ohi bezala, Raimundo Sarriegiren martxarekin.
Gaztelubide elkartea izan da banderaren igoeran protagonista, eta aurten, estreinakoz, emakumezko bat izan da Ureztatzaile Nagusia. Ainhoa Olasagastik Jose Ramon Mendizabal Danbor Nagusia eta Alberto Matilla Upel Nagusia izan ditu alboan.
Juan Karlos Izagirre alkatearentzat ere egun berezia izan da gaurkoa: tradizioari jarraituta, hiriaren bandera altxatu du. Aurten, aparteko gonbidatu gisa, Breslaviako (Polonia) Udaleko ordezkaritza egon da bandera altxatzeko ekitaldian. Donostiarekin batera, Europako Kultur Hiriburu izango da Breslavia 2016an.
118 danborrada
Aurten, helduen 118 danborrada daude (iaz baino 7 gehiago), eta guztira 14.214 lagunek hartzen dute parte bertan. 118 konpainia edo elkarte horietatik 105 mistoak dira, eta 14.000 parte-hartzaileetatik 5.000 dira emakumezkoak.
Haur-danborradaren nondik norakoak, sms bidez
Gaueko lehen jai ordu bizien ondoren, ostiral goizean txikienen txanda izango da. 2012 honetan ia 5.000 haur aterako dira, 52 konpainiatan. Euriaren ondorioz haur-danborrada bertan behera uzteko erabakia hartu beharra baldin badute, Donostiako Udalak SMS bidez emango die jakitera konpainiei. Ostiral honetan egiterik ez badago, datorren larunbatean izango da haurren ekitaldi handia.
Festa, Azpeitian eta Tafallan ere
San Sebastian eguna ez da Donostian bakarrik ospatzen: Azpeitian eta Tafallan ere egun handia dute abenduaren 20a. Hala, Azpeitian 1.200 pertsonak parte hartu dute parte desfilean, eta, ondoren, udaletxeko plazan elkartu dira.