AEBko hauteskundeak
Sanferminak 2012
Zezen batek hiru lagun adarkatu ditu hirugarren entzierroan
Erredakzioa
Cebada Gago ganadutegiko zezenek Telefonicako zatian sortu dute arriskua. Atzeratutako zezen bat hesietan zegoen korrikalari talde baten kontra oldartu da.
Cebada Gago Cadizeko ganadutegiko zezenek hiru pertsona zauritu dituzte adarkadaz, 2012ko sanferminetako hirugarren entzierroan. Atzean geratu den zezen batek arriskuan jarri ditu aurtengo entzierro luzeenean (3:38) parte hartu duten korrikalariak. Gainera, beste lau korrikalari ere zauritu dira.
Bi korrikalari Telefonicako zatian adarkatu ditu zezenak; adarkada bana dute ezkerreko hankan, eta batek adar-zaztada ere jaso du. Hirugarrenak, berriz, eskuineko hankan jaso du adarkada, zezen-plazako sarbidean.
Hiru horiez gain, beste lau korrikalari zauritu dira: batek kolpea hartu du ezkerreko hankan, Telefonicako zatian; beste batek zezen batek zapalduta hartu du min, Mercaderes kalean; hirugarrenak sorbalda lokatu du; eta laugarrenak kolpea hartu du hankan eta orkatilan, Telefonicako zatian.
Zezenak adarkatu dituen hiru korrikalariak Nafarroako Ospitalera eraman dituzte, eta beste lau zaurituak Bideko Ama Birjinaren Ospitalera.