11:35

eguraldia

Eguraldiaren iragarpena

Elurra, euria, izotza eta haizea asteari hasiera emateko

Erredakzioa

Tenperatura maximoak 9 graduren bueltan geldituko dira, eta 400 metrotik gora elurra egin lezake. Halaber, euri zaparrada indartsuak espero dira eta metro koadroko 60 litro bota ditzake.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Aste berria aurrekoa bukatu bezala hasi da, eguraldi txarrarekin alegia. Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du gaurko eta biharko elur, euri, haize, izozte eta olatu arriskua dela eta.

Elurrari, izotzari eta olatuei  dagozkien abisu horiak bihar gauerdira arte egongo dira indarrean. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du, izan ere, 24 orduan 60 litro ur bota lezake metro koadroko.

15:00etan haizeari dagokion abisu horia aktibatuko du Jaurlaritzak; izan ere, haizeguneetan 100 km/h-ko haize boladak espero dira.

Nafarroan, kantauriar isurialdean, alerta laranja ezarri dute elurra dela eta. Gainera, Pirinio inguruan alerta horia aktibatu dute elur-jausi arriskuagatik.

Eguraldiaren iragarpena

Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera, gaur, hodeiak nagusituko dira zeruan eta euri asko egin lezake, arratsaldean batez ere. Kantauriar isurialdean eta ekialdean pilatuko da litro kopuru gehien. Gainera ipar partean ekaitzak jo eta txingorra bota lezake. Elur-maila 500-600 metroan kokatuko da, baina noizbehinka 400 metrotik behera ere zuritu lezake.

Ipar-mendebaldeko haizeak indartsu joko du eta kostaldean eta mendi inguruetan haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu lezakete.

Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta 8-9ºC inguruan ibiliko dira kostaldean eta 4-6 ºC-ren bueltan barnealdean.

Biharko ez da aldaketa nabarmenik espero. Giro goibela eta bustia izango da nagusi, eta goizean euri asko egin lezake kantauriar isurialdean batez ere. Elur-maila  goizean goiz 500-600 m inguruan kokatuko da, baina ondoren  800-1000 metrora igoko da.

Ipar-mendebaldeko haizeak goizean gogor joko du, baina arratsaldean nabarmen baretuko da. Eguneko tenperatura astelehenekoaren antzekoa izango da.

Errepideetako egoera

Elurra arazoak eragiten ari da Araban eta Nafarroan. Ikusi hemen errepideetako egoera.

Bernedoko mendatea itxita dago kamioientzat eta ibilgailu artikulatuentzat eta autoek kateak behar dituzte. Kateak behar dira baita ere Opakua, Orduña eta Herrerako mendateetan.

Nafarroan ere hainbat errepide itxita daude elurraren eraginez.

Elurraren ondorioz, ondorengo errepideak itxita daude: NA-137 Burgi-Izaba-Frantzia errepidea, 47. kilometrorik aurrera; Juan Pito Benta Belaguako mendatean elur-jausi arriskua dela eta; NA-176 (Garde-Anso) errepidea, 5,5. kilometrotik aurrera;  NA-2000 (Isaba-Zuriza) errepidea, 1. kilometrotik aurrera; NA-7510 (Aralar), 13. Kilometrotik aurrera; NA-138 (Iruña-Frantzia) errepidea, 18. kilometrotik aurrera; Urkiagako mendatea eta NA-1740 (Irurita-Eugi) errepidea, 12. Kilometrotik 18. Kilometrora bitartean.

Itxita daude baita ere, NA-2012 errepidea, 8. Kilometrotik aurrera, NA-2011 (Salazar-Frantzia) errepidea, 6. kilometrotik aurrera eta  NA-718 (Lizarra-Olazagutia), 17. kilometrotik aurrera.

Halaber, kateak beharrezkoak dira NA-140 errepidean 40. Kilometrotik aurrera eta NA-137 errepidean 33,5. kilometrotik aurrera. 

Iruzkinak