eguraldia
Zirkulazioa/denboraleak
Jesus Elordui
Egoera zailei aurrea hartzea, gurpiletan kateak jartzen ondo ikastea, esate baterako, ezinbestekoa da; RACek elurra kentzeko makinen lana errespetatu behar dugula esan dio eitb.com-i.
Urritik aurrera da komenigarria kateak autoan gordeta izatea/EFE
Euriarekin, elurrarekin, lainoarekin edo haizearekin gidatzeak errepideak berez duen arriskua handitzen du. Ezin dugu ahaztu bidaiari ekin aurretik arriskuari aurrea hartzen saiatu behar garela, eta autoan arreta handiz joan behar garela; baina oso erabilgarria da aurkako baldintza meteorologikoetan kontuan izatea hainbat aholku ustekaberik ez izateko. eitb.com-ek Luis Murgia RACeko bideko segurtasunaren eta mugikortasunaren aholkulariarekin hitz egin du; bere ustez, oso garrantzitsua da autoa dagokion egoeran izatea ("lantegira noiz eraman behar dugun ahaztu egiten dugu"), eta elurraren aurkako kateak nola jartzen diren ondo dakigula baieztatzea. Halaber, eguraldiaren egoera dela eta errepideak arrisku handiagoa duenean, ezin dugu baztertu gidatzeaz gain beste zerbait egin behar dugula: "Askotan, ez dakigu ondo portatzen, eta horrek arazoak handitzen ditu", uste du.
Luis Murgiaren esanetan, elurra da zirkulazioa gehien zailtzen duen fenomeno meteorologikoa, "errepiderako itsaspena murritzen baitu". Elurte batean, gozoki gidatu behar dugu, "bat-bateko azeleratzerik, bolante-kolperik edo balaztadarik eman gabe". Murgiak bigarrenean irtetea ere gomendatzen du. "Elurra botatzen duenean, aurrea hartu behar diogu", esan digu. Bere ustez, "urrian ere" eraman beharko genituzke kotxean elurteen aurkako kateak: "Atera dituzten berri horiek, telazkoak direnak, oso onak dira; ez dute milaka kilometro egiteko balio, baina irtenbide ona da hemengoak bezalako elurteetarako". Halaber, Luis Murgiak aholku bat eman die eskizaleei: neguko pneumatikoak erabiltzeko. Izan ere, Europako zenbait herrialdetan, Alemanian kasu, nahitaezkoak dira hilerik hotzenetan. Michelinen webguneak arrazoia ematen dio; horren arabera, "neguko pneumatikoaren marrazkiak udakoarenak baino askoz lamina gehiago ditu, elurrari ondo eusteko".
Izotza dagoenean, halaber, bat-bateko mugimendurik gabe gidatzea funtsezkoa da. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak bere webgunean adierazten duenez, "izotza egiten duenean, ABSa edo erabateko trakzioa bezalako sistemarik modernoenek ere ez gaituzte laprast egiteko arriskutik libratzen; hortaz, abiadura murriztu eta zuhurtasuna handitu behar dugu".
RACeko bideko segurtasunaren eta mugikortasunaren aholkulariak elurra kentzeko makinei euren lana egiten utzi behar diegula azpimarratzen du, errepidean daudenean lehentasuna emanda: "Auto-ilara batean, elurte bat dagoenean, uste dugu gu bakarrik gabiltzala presaka, baina, egia esan, azaroaren zatia gara; solidarioak izan behar gara", eskatu du Murgiak. Bere esanetan, egoera zailtzen denean protesta egiteko joera handia dugu, "errepidera gatza botatzekotan, bota dutelako, eta bestela, egin ez dutelako".
Lehen tanten arriskua
Euria, asko botatzen duenean, gure trebetasuna aztertzen duen beste fenomeno bat da. Luis Murgiak gogoratzen duenez, prezipitaziorik gabeko tarte baten ostean erortzen diren lehen tantak oso arriskutsuak dira: "Errepidean hautsa pilatzen da; asko botatzen badu, aldiz, errepidea garbitzen da". Euriarekin ustekaberik ez izateko, segurtasuneko tartea handitu behar dugu: "Gure aurrean dagoen autotik hurbilegi gidatzen dugu; legeak agintzen duenez, utzitako tarte horrekin beti izan behar gara gelditzeko gai, aurrekoak egiten duena egiten duela. Euri asko egiten badu, balaztatzeko behar dugun denbora luzeagoa izaten da", azaldu du Murgiak. Logikoa denez, pneumatikoak egoera onean izatea funtsezkoa da arriskua txikitzeko.
Euriaren harira, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak, bere webgunean, "aquaplanning" saihesteko zenbait gomendio eskaintzen ditu. Hiru eragileren ondorioa da: pneumatikoen egoera txarra, errepideak ur gehiegi pilatzea, eta abiadura handiegia. Bustitako errepide batean oso azkar gidatzekotan, pneumatikoaren marrazkiak ezin du ura hustu behar den azkartasunarekin; gurpilak irrist egiten du lurrean, eta autoa kontrolpean izateko zailtasun handia dugu. Egun euritsuetan, beraz, abiadura murriztea da onena, pneumatikoak baldintza egokietan izateaz gain.
Lainoaren kontra, erreferentzia bat bilatu
Lainoa, azkenik, ibilgailuan eragin zuzenik ez duen fenomenoa da; baina zailagoa da gidatzea agertzen bada, arreta handitzera behartzen gaituelako gure ikuspena murriztuta. Luis Murgiak gomendatzen du "erreferentzia bat bilatzea. Errepideak marrak baditu margotuta, gure eskuinean dagoena jarraituko dugu, edo, bestela, bideko eskuineko ertza". Gure begirada ez dugu erdira eraman behar; izan ere, baliteke bestaldetik datorrenak gauza bera egitea, eta, hortaz, talka egingo genuke. Murgiak, halaber, lainoaren aurkako argiak gehiegi ez erabiltzea gomendatzen du, hau da, bakarrik behar denean piztea, "eta ez euria egiten duenean". Herrizaingo Sailak, bere aldetik, esaten digu ez gidatzeko geure burua gure aurrean dagoen autoaren atzeko argiekin: "Ibilgailu horren gidariak ez du guk baino ikuspen handiagorik, eta akatsak egitera bultza gaitzake".
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
Kirola
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa