Itxi

X-eitb maratoia-X

X-eitb maratoia-X

EiTB MARATOIA

Zure bertsioarik onena

'Lau teilatu' abestiaren zure bertsiorik onena bidali, EiTB Maratoiarekin bat egiteko

EiTB

EiTB Maratoiaren ekimen berri honek 'Lau teilatu' abestiaren bideoklip berezi bat sortzea du helburu, herritarrek bidalitako pieza anitzekin.

0:20
Bidali iezaguzu 'Lau Teilatu'ren zure bertsio onena.

EiTB Maratoiak egitasmo handi baten parte izateko gonbidapena luzatu dio euskal gizarteari, haurren minbiziaren kontra borrokatzeko: inoiz egin den 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena sortzea.

"EiTBk aurtengo elkartasun kanpaina indarberritu nahi izan du, iraupena luzatuz eta aurreko urteetan baino ekintza gehiago antolatuz, euskal gizarte osoaren inplikazioa sustatzeko. Oraingo honetan, 'Lau teilatu' abestiaren bertsiorik onena sortzea da helburua, ahalik eta partaidetza handienarekin", azaldu dute EiTB Maratoiako arduradunek.

Beraz, parte hartu nahi duten herritar guztiek izango dute egitasmoarekin bat egiteko aukera: ondo abestu edo ez, musika-tresnekin lagunduta edo ez... Bakoitzaren bertsiorik onena sortzeko mugarik ez da egongo. Jasotako interpretazio ezberdinak bildu eta bideoklip berezi bat sortzea da helburua: estilo, adin, tresna, erritmo eta genero ezberdinekin osatutako pieza musikal anitza egitea, hain zuzen ere. Bideoklipa abenduan estreinatuko da.

Parte hartu nahi dutenek EiTB Maratoiaren webguneko Zure bertsiorik onena atalean eskuragai dagoen formularioa bete beharko dute, euren bideoak bidaltzeko. Bideoan adingabekoren bat agertzen bada, guraso edo tutorearen baimena beharrezkoa izango da. Jasotako bideo guztiak webean ikusgai izango dira, eta bertan, 'Lau teilatu' abestiaren letra osoa ere izango da eskuragai.

Halaber, #EiTBMaratoia hashtag-arekin sare sozialetan partekatutako eduki guztiak automatikoki igoko dituzte webera.

EiTB taldeko saio eta aurpegi ezagunek ere ekimen berri honetan parte hartuko dute. Besteak beste, 'Gure Kasa', 'QMEC', 'En Jake', 'A Bocados', 'Herri Txiki, Infernu Handi', 'Ur Handitan' eta 'Ahotsak' saioetako lantaldeak; Gaztea, Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko ahotsik ezagunenak, zein EiTBko zuzendaritza taldea ere 'Lau teilatu' abestia kantatzen ikusiko ditugu.

EiTBk, gainera, hurrengo asteetan hainbat ekintza antolatuko ditu kalean EiTB Maratoia elkartasun kanpainarekin lotuta. Ekintza horietan, 'Lau teilatu' abestia kantatzera gonbidatuko ditu parte-hartzaile eta herritar guztiak.

EiTB Maratoia, euskal gizarte osoari zuzendutako proiektua

EiTB Maratoia indarberrituta dator aurten. Orain arte abenduan egiten zen sentsibilizazio eta elkartasun kanpaina. Alabaina, hemendik aurrera, denbora tartea zabalduko du eta ekintza gehiago antolatuko dira, euskal gizarte osoaren parte-hartzea sustatu asmoz. EiTBren helburua enpresa, erakunde eta talde ezberdinen laguntza lortzea izango da, EiTB Maratoia euskal herritar guztien elkartasun maratoia izan dadin. 

Haurren minbizia izango da aurtengo EiTB Maratoiaren ardatza. Datozen hilabeteetan, hainbat ekintza burutuko dira gaitz honen inguruan informazioa zabaldu eta ikerketarako dirua biltzeko. Elkartasun kanpaina abenduaren 10ean bukatuko da, Bilboko Euskalduna jauregian egingo den galarekin.

200 objektu enkantean, EiTB Maratoiaren alde

EiTB Maratoiak euskal gizarteko elkarte eta pertsonaia ezagunek emandako 200 objektu inguru jarri ditu enkantean. Kirolariak,diseinatzaileak, sukaldariak, kirol klubak, hotelak, museoak, antzokiak… Guztira, 100 talde eta norbanakok bat egin dute EiTBren elkartasun ekimenarekin, eta bilduko den dirua haurren minbiziaren ikerketara bideratuko da.