EiTB MARATOIA
Batzen gaituzten emozioak
EITB Maratoiak 25 urte beteko ditu aurten, arrazoi batengatik taupadaka: ELKARTASUNA
EITB MEDIA
Edizio honetan gaixotasun kardiobaskularretan jarriko du arreta EITB Maratoiak, 'Entzun bihotzari' leloarekin. Sentsibilizazio-kanpainak "Eskutitza" abestia izango du soinu-banda, eta keinu batean batzeko deia egingo dio gizarteari: gure eskuekin bihotzak osatzea.
-
2024ko EITB Maratoiaren aurkezpena
2024a urte berezia da EITB Maratoiarentzat, 25 urte beteko baitu gaixotasunen aurkako borrokan laguntzen. Dagoeneko 25 edizio dira, herritarren elkartasuna sustatu eta bi esparrutan lan egiten: sentsibilizazioa eta ikerketa. Eta hori guztia, bihotzetik, edizio seinalatu honetan elementu nagusi izango den bihotz handi horretatik.
Izan ere, gaixotasun kardiobaskularrak izango dira aurten kausa, horietan inbertitzea eta ikertzea funtsezkoa dela gogora ekartzeko. 2022an, 464.417 heriotza izan ziren Espainian ( % 33,71) gaixotasun kardiobaskular baten ondorioz, Osasun Ministerioaren datuak aipatuta, Mugarik gabeko Bihotzak elkarteak jasotzen duenez. Estatuan 11 milioi pertsonak dute gaixotasun kardiobaskularren bat, hau da, biztanleen % 25ek; eta gaixotasun horietako gehienak saihestu litezke arrisku-faktoreak murrizten dituen bizimodu osasungarria hartuz gero, elkarteak azpimarratzen duenez.
25 urte beteko ditu aurten EITB Maratoiak
Entzun bihotzari leloa izango du 2024ko EITB Maratoiak, eta prebentzioan jarri nahi du arreta: Gelditzea; nork bere buruari begiratzea; eta entzutea… Gure bihotzari entzutea. Horretarako, aurten ere, elkartasun kanpaina bat abiatuko du. Astelehen honetan, irailak 30, egin da aurkezpena EITBren Bilboko egoitzan. Ekitaldian izan dira Isabel Octavio, EITBko Estrategia eta Komunikazio Korporatiboko zuzendaria; Iñaki Gutiérrez Ibarluzea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria; eta gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonen eta senideen hainbat elkartetako ordezkariak.
Aurrekoetan bezala, aurtengo EITB Maratoiak soinu banda izango du, oraingoan Hemendik At taldearen "Eskutitza" abestia. Kanta horrek, EITB Maratoiak bezala, 25 urte betetzen ditu aurten. Horrez gain, beste behin ere, keinu batean batzeko deia egingo die EITB Maratoiak herritarrei: gure eskuekin bihotzak osatzea. Elkartasun, batasun eta babes keinua izango da.
'Entzun bihotzari'
Gure bihotzari entzuteko deia, beraz, bikoitza dugu: nork bere buruari entzutea, prebentzioa bilatuz; eta gure bihotzei modu kolektiboan entzutea, guztion arteko elkartasuna bultzatzeko.
25 urte taupadaka
Transplanteak, adimen desgaitasuna, garuneko kalteak, gaixotasun arraroak, minbizia, biriketako minbizia, bularrekoa, haur minbizia, iktusa, gaitz neurodegeneratiboak, buruko gaixotasunak, COVIDa, alzheimerra, esklerosi anizkoitza… EITB Maratoiak mende laurdena darama arrazoi batengatik taupadaka: ELKARTASUNA.
2023an markak hautsi zituen EITB Maratoiak parte-hartzean, elkartasunean eta diru-bilketan: 1.233.790 euro minbizia ikertzeko. Urte guzti hauetan, gainera, hiru aldiz gainditu da milioi bat euroko langa, eta gizartearen elkartasunari esker, aurreko 23 edizioetan, 8,56 milioi euro bideratu ahal izan dira 127 ikerketa-proiektutara.
Ibilbide ikusgarri horri begira, aurtengoa edizio berezia izango da, lortutako guztia ospatzeko eta eskertzeko.
EITB Maratoia, 25 urte taupadaka