Itxi

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_KLIMA

#EKIN_klima

Jarraipen zabala EITBn Glasgowko COP26 klima aldaketaren goi bilerari

EITB Media

Azaroaren 1etik 12ra egingo da Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia, Glasgown. Goi bileraren karietara, EITBk bat egin du larrialdi klimatikoaren gaiarekin eta komunikazio kanpaina berezi bat ari da egiten #EKIN_klima lelopean.

  • #EKIN_klima

    #EKIN_klima

EITBk COP26 goi bileraren jarraipen zabala egingo du telebista zein irratietako albistegi eta saioetan, baita Interneten ere. Azaroaren 1etik 12ra egingo da Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia Glasgown eta, goi bileraren karietara, Euskal Irrati Telebistak bat egin du larrialdi klimatikoaren gaiarekin. Horri lotuta, komunikazio kanpaina berezi bat ari da egiten #EKIN_klima lelopean.

Hala, astelehenetik aurrera, Glasgowko hitzorduak ematen duen guztiaren berri eskainiko da EITBren hedabide eta leiho guztietan. Horretarako, hainbat bidali berezi izango ditu EITBk bertan: Lander Eizagirre eta Mikel Rotaetxe (Euskadi Irratia), Iñaki Larrañaga eta María Suárez (Radio Euskadi) eta Iñaki Esnal eta Hodei Arrausi (ETB).

Irratietan, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik irratsaio berezi bana egingo dituzte Glasgoweko goi bileraren harira: "Boulevard" berezia azaroaren 10ean eta "Faktoria" albistegia, estudiotik kanpo, hilaren 12an.

Gainera, "Ekosfera" (Euskadi Irratia) eta "La Mecánica del Caracacol" (Radio Euskadi) saioek COP26era begira landutako edukiak izango dituzte, eta "Norteko Ferrokarrila" saioak 25. urteurreneko programa berezia egingo du azaroaren 12an. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak informazio tarte laburrak eskaintzen jarraituko dute, aldaketa klimatikoari aurre egiteko jarraibide eta ekintzen inguruan.

Bestalde, goi-bileraren azken txanpan, "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak eta "Eguraldia" tartea Urdaibaitik egingo dira.

Halaber, ingurumena eta goi bilera ardatz izango dituzte datozen asteetan "En Jake", "Biba Zuek!", "Ahoz Aho", "Nos Echamos a la Calle" (Punto verde tartearen bitartez) eta "Teknopolis" saioek. Elhuyar Fundazioak ekoizten duen zientzia eta teknologia saioak bi atal berezi egingo ditu: azaroaren 6 eta 7ko asteburuan goi bilera hauetan eztabaidatzen eta erabakitzen dena izango dute aztergai Elisa Sainz de Murieta ikertzaile eta BC3 Aldaketa Klimatikoaren Bulegoko zuzendariarekin; azaroaren 13 eta 14an larrialdi klimatikoari aurre egiteko estrategiak landuko dituzte.

Horrez gain, ETBko programazioak klima-aldaketaren inguruko hainbat dokumental eta film labur eskaintzen jarraituko du.

Hodei Arrausiren bidaia Glasgowra, "0 isurketa" helburuarekin

#EKIN_klima kanpainaren baitan, larunbat honetan Bilbo eta Glasgow arteko bidaiari ekingo dio Hodei Arrausi kazetariak, "0 isurketa" lelopean. Urriaren 30an EITBren Bilboko egoitzatik irtengo da Hodei, Glasgown egingo duten klima aldaketaren inguruko goi-bilerara azaroaren 10ean heltzeko. Hala, 12 egunetan 2.831 kilometro egingo ditu bizikleta, trena eta ferrya erabilia.

Hodeik bidaiaren eguneroko kronika egingo du ETBko albistegietan, baita programetan, irratian eta webean ere. Bestalde, ibilbidean zehar Hodeik bost erreportaje egingo ditu, azaroaren 5tik 9ra bitartean ikusgai izango direnak. Bidaian lagun izango ditu Amane Iglesias kameraria eta Amaia Larruzea kazetaria, eta azken horrek bereziki publiko gazteenari hurbilduko dio ekimena, sare sozialen bidez. Hala, bidaiaren bitakora-digital bat egingo dute, eta #BilboGlasGOw! traola erabiliko dute. Bidaldiaren nondik norakoak mapa interaktibo baten bitartez jarraitu ahal izango ditugu, eta etapa bakoitzaren inguruko informazioa izango dugu bertan. CO2 isurketa zenbatekoa izan den erakutsiko du ere.

eitb.eus-ek webgune berezi bat izango du Glasgoweko goi bileraren eta EITBren #EKIN_klima ekimenaren inguruko informazio eta eduki guztiekin: eitb.eus/klima.

#EKIN_klima

EITBk bat egingo du larrialdi klimatikoaren gaiarekin udazken honetan, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgoweko goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat egingo du #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.

Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena. Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.