cerrar buscador

Glasgowko klimaren goi-bilera 2021: eduki bereziak eta bizikleta ibilbidea

Klima

19:04

Klima

#EKIN_klima

Klima-aldaketaren inguruko hainbat dokumental eskainiko ditu EITBk

EITB Media

Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, 'Egia deseroso bat', 'Itsaso harrotik' eta 'Planetaren defendatzaileak' ikusteko aukera izango da. Bestalde, irratiak informazio tarte laburrak eskaintzen hasiko dira, aldaketa klimatikoari aurre egiteko jarraibideen inguruan.

  • 'Lotsa' dokumentalaren irudia.

    'Lotsa' dokumentalaren irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Larrialdi klimatikoaren aurrean eta Glasgowko COP26 goi-bileraren harira EITBk martxan jarri duen #EKIN_klima kanpainaren baitan, igande honetatik aurrera ETBko programazioak hainbat dokumentalak eta saio eskainiko ditu klima-aldaketaren inguruan; gainera, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria informazio tarte laburrak eskaintzen hasiko dira, aldaketa klimatikoari aurre egiteko jarraibide eta ekintzen inguruan. Hala, urriaren 24an egingo den Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du EITBk.

Horri lotuta, igandetik aurrera dokumental eta film laburren programazio berezia abiatuko da Euskal Telebistan, eta bertoko lanak, nazioarteko piezak eta haur eta gazteei zuzendutako dokumental sailak ere eskainiko dira. eitb.eus-en ere izango dira ikusgai, zuzeneko emisioekin, #EKIN_klima webgunean, Nahieran-en eta app-ean.

Zehazki, igandean bertan, Egia deseroso bat, Itsaso harrotik, Amestu etorkizuna: Ozeanoak eta planetaren defendatzaileak lanak ikusteko aukera izango da ETB1en, ETB2n eta ETB3n.

Egia deseroso bat (An inconvenient truth) lanak Al Gore Estatu Batuetako presidenteorde ohiaren kanpaina jorratzen du, herritarrak berotze globalari buruz hezteko. ETB2n 09:40an eta ETB1en 23:55ean eskainiko da igande honetan. Aste hauetan zehar haren jarraipena den Ondorio deseroso bat: egia boterera (An inconvenient sequel: Truth to power) dokumentala eskainiko da Euskal Telebistan. Arazo global honen aurka borrokatzeko eraikitako aurrerapena eta munduko liderrek energia berriztagarrian inberti dezaten konbentzitzeko Gorek egindako ahaleginak jorratzen ditu ikus-entzunezkoak.

Igandeko proposamenen artean daude, baita ere, Itsaso harrotik (From the wild sea) (ETB2n, 11:00 inguruan), gizakiaren eta naturaren arteko talka konplexura hurbiltzen gaituen ikus-entzunezkoa; Amestu etorkizuna: Ozeanoak (ETB1, 15:00etan); eta Planetaren defendatzaileak, gazteei zuzendutako sei ataleko lana ETB3n, ingurumenaren aldeko borrokalari handien dozena erdi istorio eskaintzen dizkiguna. Urriaren 24an atal guztiak eskainiko dira, 16:30ean; eta hortik aurrera egunero atalez atal ikusteko aukera izango da.

Azaroaren 12ra arte honako lan hauek ere izango dira ikusgai: Bihar (Demain), bost kontinenteetan barrena ideia berrien eta gauzak egiteko moduak aldatzen ari diren pertsona berritzaileen bila bidaia egiten duen lana (urriak 31, ETB1); Lotsa (Vergüenza) gure bizimoduak ingurumenean eta, ondorioz, ozeanoen egungo egoeran duen eraginari buruz kontzientzia handiagoa hartzeko deia egiteko asmoa duen lana (azaroak 1, ETB1); BBCk ekoiztutako Plastikotan itotzen (Drowning in plastic) lan saritua, plastikoak naturan dituen ondorioak iraultzeko borrokan, munduko biologo eta itsas aktibista nagusien azken ikerketak erakusten dizkiguna; eta Arriskuan dauden hiriak dokumental sortako hainbat atal, tartean New York, Amsterdam eta Veneziari buruzkoak.

Bestalde, Bihar: Elegir el mañana film laburra izango da ikusgai ETB2n urriaren 29an. BBK-k bultzatutako ekoizpenak iraunkortasunean oinarritutako jarrerak hartzearen garrantziaz hausnartzeko deia egingo die herritarrei.

Irratiak Glasgowra begira

Urriaren 24tik aurrera, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak informazio tarte laburrak eskainiko dituzte, aldaketa klimatikoari aurre egiteko jarraibide eta ekintzen inguruan. Herritar anonimoek eta jende ezagunak euren egunerokoan egiten duten ekarpena zein den azalduko dute.

#EKIN_klima

#EKIN_klima

#EKIN_klima

EITBk bat egingo du larrialdi klimatikoaren gaiarekin udazken honetan, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgowko goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat egingo du #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.

Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena. Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.

eitb.eus-ek webgune berezi bat izango du Glasgowko goi bileraren eta EITBren #ekin_klima ekimenaren inguruko informazio eta eduki guztiekin: eitb.eus/klima. Dokumental eta saio berezien inguruko edukiekin playlist-ak eskuragarri egongo dira, eta emisioak ere bertan jarraitu ahal izango dira.

Iruzkinak

    • Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu Newsletterrean!

      Harpidetu EiTBko Newsletterrean eta eguneko albisterik garrantzitsuenak jasoko dituzu zure ordenagailu edo mobilean.

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena