Itxi

EITB TALDEA

Hiru3

Hiru3k umeekin etxean egoteko proposamen eta eduki bereziak eskainiko ditu

EiTB

Umeek parte hartzeko dinamikak, etxeko egonaldirako proposamenak, eta eduki eta marrazki eskaintza zabala, Hiru3ko euskarri guztietan.

3:08
Urbi

Bizi dugun osasun larrialdi egoera honetan, Hiru3k hainbat eduki eta ekimen landu ditu umeekin etxean egon beharreko egun hauetarako. Hainbat ekintza eta sormen lan egiteko proposamenak egingo ditu eta umeek parte hartzeko dinamika ezberdinak jarriko ditu martxan. Halaber, koronabirusa azaltzeko informazio piezak ere izango dira ikusgai, eta nola ez, euskarazko marrazki bizidun eta ikus-entzunezko eduki eskaintza zabala egongo da Hiru3ren euskarri ezberdinetan, telebistan, webean eta aplikazioetan. 

Besteak beste, koronabirusa zer den eta haren eraginak umeei azaltzeko pieza bereziak landu dituzte eta, gaurtik aurrera, ETB3n izango dira ikusgai egun osoan zehar. Umeei birusa azaldu eta, batez ere, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko gomendioak eta jarraitu beharreko neurriak azalduko dira, baita lasaitasun mezu bat zabaldu ere: dena ondo aterako da. Pieza horiek ETB3n eskaintzeaz gain, webgunean eta Hiru3ren app-an izango dira ikusgai. 

Bestalde, umeek parte hartzeko dinamikak jarriko dituzte martxan. Gaztetxoenek egun hauek nola bizi dituzten erakusteko argazkiak eta bideoak bidaltzeko aukera izango dute, eta ikusgai izango dira bakoitzaren sormen lanak. Parte hartzen duten guztiak HIRU3ko opari sorta bat irabazteko zozketan sartuko dira. 

Horrekin lotuta, HIRU3ko webgunearen eta sare sozialetako kanalen bidez, eduki proposamen ezberdinak egingo dituzte etxeko egonaldiko egun hauetarako, besteak beste: sukaldean aritzeko bideoak, umeek egindako liburu proposamenak, etxean eskulanak eta margolanak egiteko ideiak, jolas ezberdinak eta koreografiak ikasteko bideo tutorialak.

Euskarazko eduki eskaintza zabala haurrentzat

Halaber, Hiru3k euskarazko eduki eskaintza zabala dauka haurrentzako. Besteak beste, Ene Kantak taldearen "3 Ene Kantak" saioa dago ikusgai egunero ETB3n eta eitb.eus-en. Eneko, Nere, Urbi, Astonauta, Satorjator, Astotxiki eta Satortxiki ETB3 kanaleko, Hiru3 webeko eta HIRU3 APPko partaide dira, eta abesti eta dantza-ikuskizun jostagarriak eskaintzen dituzte. Saioak hainbat atal ditu: irakurzaletasuna bultzatzekoa, margolanen ingurukoa, gure erraldoi eta konpartsen aurkezpena, bideoklipen koreografiak ikasteko Dantzateka izeneko atala, eta Astotxiki eta Satortxiki txotxongiloek umorez betetakoa.

Bestalde, asko dira marrazki bizidunak eta gaztetxoei zuzendutako telesailak ere. Adinaren arabera sailkatuta, honako hauek dira Hiru3k eskaintzen dituen edukiak: 0-4 urte bitarteko umeentzat aproposak dira "Rita eta Krokodiloa", "Patri Postari", "Noddy, Jostailandiako detektibea", "Kaixo Timmy", "Olivia eta "Maya erlea"; 5-7 urte bitarteko umeentzat "Bat Pat", "Dora Esploratzailea", "Txau, Txau, Txio eta Panda", "Ozen galduta", "Yoko eta lagunak", "Zuhaitz etxeko istorioak", "Spirit zaldi askea" eta "Pin Kodea"; eta 8 urtetik gorako haurrentzat, "Lars Zonbia", "Go!azen" eta "3zpa4" saioak gomendatzen ditu Hiru3k.

Eduki eta marrazki bizidunak, Hiru3ko euskarri guztietan ikusgai

ETB3k eta eitb.eus-ek egun osoan zehar, marrazki bizidun ezberdinak eta ikuskizunak eskainiko ditu. Gainera, HbbTV eta Smart TV bidez ere izango dira eduki hauek ikusgai.

Halaber, webgunean eta HIRU3 app-an, noiznahi eta nonahi aukeratu daitezke ETBko marrazki bizidunak. Aplikazioa mugikorrean zein tabletean jaitsi daiteke. Edukiak adinaren arabera sailkatuta daude, hiru tartetan: 0-4, 5-7 eta 8 urtetik gorakoentzako edukiak. Azken horien kasuan, edukiak ikusi ahal izateko, kontrol proba bat gainditu beharko da; eragiketa matematiko bat, hain zuzen ere.