Itxi

EITB TALDEA

Batzen gaituzten emozioak

EITB buru-belarri Korrikarekin

EITB Media

Euskararen alde euskal gizartea batzen duen lasterketaren emozio osoa partekatzeko asmoz, Amurriotik Donostiara jarraituko ditu EITBk Korrikaren taupada eta urrats guztiak.

  • EITBren aurkezpena Donostian.

    EITBren aurkezpena Donostian.

Martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean, Korrikaren urratsak jarraituko dituzte EITBko hedabide guztiekETBk, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta eitb.eus-ek– saio eta tarte berezi eta zuzeneko emanaldien bidez. HitzEkin lelopean AEK-k antolatutako 22. Korrikaren jarraipena aurkeztu dute asteazken honetan Donostian Unai Iparragirre ETBren zuzendariak, Asier Amondo Korrikaren arduradunak, Marta Alvarez Korrikaren koordinatzaileak EITBn, Iñako Gurrutxaga eitb.eus-eko Eduki buruak eta EITBko hainbat aurkezlek eta kazetarik: Xabier Sukia, Maddalen Arzalluz, Aitor Albizua, Jonan Apaolaza, Xabier Ormazabal, Antton Telleria, Unai Iradi, Olaia Urtiaga eta Esther Aizpurua.

Hedabideetan Korrikari leihoa zabaltzeaz gainera, EITB Taldeak hiru kilometro izango ditu lasterketan. Lehen hitzordua Iruñean izango da, apirilaren 2an, 12:31ean, Donibane Epaitegi aurreko botikaren parean, 535. kilometroa. Bigarrena, berriz, Bilbon, apirilaren 6an, 19:40ean, Agirre Lehendakaria kaleko 140. zenbakian (Unamuno Ikastetxe Nagusiaren parean), 1469 B km. EITBk erosi duen azken kilometroa, Donostian bertan dago kokatua. Apirilaren 10ean, Herrerako tren geltokian (Jose Elosegi hiribiderantz) abiatuko dute korrika saioa, 11:56an, 2562. kilometroa.

Halaber Korrika hauspotu eta girotzeko EITBk furgoneta bat izango du pantaila handi batekin. Gune nabarmenetatik lasterketaren aurretik pasako da furgoneta eta bertako pantailan lasterketa nondik doan ikusi ahal izango da.

Donostiako aurkezpenaren irudia.

Donostiako aurkezpenaren irudia.

Korrikaren hasiera eta amaiera zuzenean eta "Biba Korrika!" eguneroko saioa

Aurten ere euskal hedabideek elkarlanean egingo dute Amurriotik zuzeneko emanaldia, eta baita amaierakoa ere Donostiatik. ETB1en 15:45etik aurrera egingo dute bat abiatze ekitaldiarekin eta 10 egun beranduago ETB2n lasterketaren amaierako jai giroa eta 11 egunez lekukoaren barruan gordeta egon den adierazpenaren irakurketa zuzen zuzenean eskainiko dira. Ilaski Serranok eta Naroa Iturrik aurkeztuko dute hasierako saioa, gonbidatu garrantzitsu eta zuzeneko giroa bilduko dituen tartea, alegia. Amaierako saioa, berriz, Ilaski Serranok eta Ekhiñe Atorrasagastik gidatuko dute.

Halaber, ETB1en, martxoaren 31ean, "Biba Korrika!" saioa estreinatuko dute, Maddalen Arzallus eta Xabier Sukiak aurkeztuta. Korrikak irauten duen bitartean, astelehenetik ostegunera 21:25etik 21:45era izango da ikusgai, eta ostiraletan, egunak eman duenaren laburpen tartea eskainiko da. Aritz Ganboak zuzeneko kontaketa egingo digu Korrikaren furgonetatik bertatik, eta Izaskun Moyano, Joseba Olagarai eta Anuska Etxeberria Korrikaren ibilbidean zehar ibiliko dira azken ordua jasotzen eta egunak ematen duena erreportaje ezberdinetan biltzen.

Ostegun honetan, halaber, Gaizka Arangurenek aurkezten duen "Itxi Liburuak" saioak Korrikaren historiaren errepasoa egingo du. Antton Telleria kazetariak izango du, oraingoan, irakasle postuan jarri eta gaia kontatzeko erronka.

ETBko albistegiak Donostiako helmugatik

ETBko albistegiek, bestalde, amaiera borobila emango diote Korrikari. Platotik atera eta helmuga puntutik. Alderdi Ederretik bertatik. egingo dituzte Jonan Apaolazak eguerdiko "Gaur Egun" eta Xabier Ormazabalek "Teleberri" albistegia. Halaber, Ana Ramosek eta Jose Ituartek gidatutako kirol tarteak Donostiatik eskainiko dira.

Horretaz guztiaz gain, egunero, albistegietan, "Iparraldearen Orena"n eta  "Ahoz Aho", "Biba Zuek!", "Nos Echamos a la Calle" eta "En Jake" saioetan ere Korrikaren inguruko eduki eta elkarrizketak izango dituzte, jazoera nabarmenetan erreparatuko dute eta, batez ere, Korrika hiriburuetara iristen deneko giroa jasoko dute. Gainerako saio eta lehiaketek ere oroituko dute Korrika euren edukietan.

Korrika Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean

EITBko irratiei dagokienez, martxoaren 31n Euskadi Irratiak elkarlanean emango du hasieraren berri, gainerako euskarazko irratiekin. Euskadi Irratitik "Baipasa" irratsaioko Unai Iradik gidatuko du 16:30-17:30 bitartean egingo den saioa.

Radio Euskadi eta Radio Vitoria ere zuzenean arituko dira Amurriotik eta Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztutako "Distrito Euskadi" bertatik emango dira.

Apirilaren 10ean Korrikaren amaiera Euskadi Irratian eskainiko da, berriz ere gainerako euskal komunikabideekin elkarlanean. Euskadi Irratiko "Amarauna" saioaren emanaldi berezian izango da, Nagore Telleriaren eskutik.

Radio Euskadiko "Más Que Palabras" saioa zuzenean gidatuko du Almudena Cachok Donostiatik apirilaren 10ean.

Korrikak irauten duen bitartean, orobat, egunean zehar, konexioak egingo dira Korrikaren furgonetarekin Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta Gaztean. Gazteako "Dida" eta "Gu" irratsaioetan jarraituko diote adi ibilbidean jazotzen den guztiari. Albistegietan ere jarraipena egingo zaio, arreta berezia eskainiz hiriburuetara iritsiko den egunetan.

Korrika eitb.eus-en

eitb.eus-ek Korrikaren edizio honetan, streaming bidez 24 orduz lasterketaren berri emango du hiru kamera erabiliz. Orobat, orain arte bezala, atari berezia prestatu dute Korrikaren jarraipena egiteko. Bertan topatu daitezke ibilbidearen nondik norakoak, lasterketaren inguruko berri guztiak, bideoklipak, bideorik eta argazkirik onenak, eta abar. Gainera, telebistako emanaldi guztiak (hasiera eta amaiera ekitaldiak eta "Biba Korrika!" saio bereziak) webgunean zuzenean jarraitu ahal izango dira. Halaber, sare sozialetan Korrikaren inguruko edukiak ere zabalduko dira #KorrikaEITB traolarekin.

Korrika Egunean Behin 

Behin Korrika amaituta, Donostian izango den jai handia osatzeko, 13:30ean "Egunean Behin", Korrika eta EITBren artean, Boulevardean bertan antolatutako "Egunean Behin partida flasha" jokatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Gazteako Antton Telleriak aurkeztuta, hiru partida jokatzeko aukera izango dute bertan diren guztiek eta iaioenak sari bikain bat jaso ahal izango du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena