Itxi

EITB TALDEA

Albistegiak

"Boulevard", "Teleberri" eta "Gaur Egun" bereziak, zuzenean, Ukrainatik

EITB MEDIA

Kievera egin dute bidaia egunotan EITBko hainbat kazetarik, inoiz ez bezalako jarraipen informatiboa eskaintzeko. Euskadi Irratiak, gainera, "Albiste Faktoria" berezia egin du Oñatin. Bertan dago Larraña Etxea errefuxiatuen harrera zentroa.

  • "Gaur Egun" berezia Kievetik

    "Gaur Egun" berezia Kievetik

Ukrainako inbasioa hasi zela urtebete bete da ostiral honetan, otsailak 24, eta hainbat dira Kievetik bertatik zuzenean egin diren EITBren albistegiak. Zehazki, Xabier García Ramsdenek "Boulevard" berezia egin du Radio Euskadin goizean goiz, zuzenean, Ukrainatik; eta "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegiak ere Kievetik egingo dituzte Xabier Usabiagak eta África Baetak, zuzenean, eguerdi zein gauean, ETB1en eta ETB2n.

Gainera, Euskadi Irratiak Oñatin kokatu du set-a, bertan baitago Larraña Etxea errefuxiatuen harrera zentroa. "Albiste Faktoria" berezia egin dute handik Iñaki Guridik eta lantaldeak, joan den astelehenean Ukrainatik eskainitako "Faktoria" bereziaren ondotik.

Izan ere, aste osoan zehar ari da EITB Ukrainaren gerraren inguruan inoiz ez bezalako jarraipen informatiboa eskaintzen, lekuan bertan eta zuzeneko informazioa biltzen. Ahalegin berezia ari dira egiten EITBren medioak egoeraren berri bertatik eta zuzenean emateko, erreportaje, konexio eta programa eta eduki bereziekin.

Horretarako, Ukrainara egin dute bidaia EITBko hainbat kazetarik. Han da Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arlo burua, Mikel Ayestaran eta Ane Irazabal EITBko korrespontsalekin batera Ukrainako gerraren azken ordua jarraitzen. Ukrainan dira ere Radio Euskadiko Dani Alvarez, Xabier Garcia Ramsden, Xabier Madariaga eta Joseba Urruela teknikaria; eta baita Euskal Telebistako Xabier Usabiaga eta Africa Baeta ere, Edurne Arrieta ETBko produkzioko kidearekin batera. Joan den ostiralean joan ziren bertara Euskadi Irratiko Iñaki Guridi eta Mikel Rotaetxe kazetariak eta Xabier Gallastegi teknikaria.

"Boulevard" berezia Kieven

Inbasioaren lehen urteak utzi duena jorratzeko Ukrainatik bertatik aritu da Radio Euskadi Xabier Madariaga eta Dani Álvarez bidali bereziekin. Gainera, otsailaren 24an "Boulevard" berezia gidatu du Xabier García Ramsdenek Kievetik, eta bertan hainbat gonbidatu izan dituzte, herrialdeak bizi duen egoera aztertzeko.

"Faktoria" Oñatitik

Oñatiko plazatik, "Albiste Faktoria" berezia egin du Iñaki Guridik Euskadi Irratian, Ukraina ardatz hartuta. Hain zuzen ere, Gipuzkoako herri horretan dago duela urtebete hainbat ukrainar hartu zituen Larraña Etxea errefuxiatuak hartzeko zentroa, gaur beste leku batzuetako errefuxiatuak ere hartzen dituen egoitza. Zentroaren errealitatea ezagutzeaz gain, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordearekin hitz egin du Guridik, duela urtebete Ukrainatik ihes egiten hasi ziren pertsona horien guztien harrera egoera ezagutzeko. Horrez gain, Yula eta bere amaren errealitatea kontatu dute, gerratik ihesi iritsi eta gaur egun kafetegia dutenak.

"Gaur Egun" eta "Teleberri" zuzenean Ukrainatik

Erasoa hasi zela urtea betetzeko bezperan, otsailaren 23an, Kievetik egin dituzte lehen konexioak Xabier Usabiaga eta África Baetak gaueko "Gaur Egun" eta "Teleberri" albistegietan; eta hurrengo egunean, otsailak 24, Ukrainatik egingo dituzte eguerdiko eta gaueko informatiboak. Mikel Reparaz eta Mikel Ayestaran Ukrainako eremu ezberdinetatik ari dira egoeraren berri ematen, eta Ane Irazabal, berriz, Poloniatik.

Euskal Telebistako albistegietan, baina, astelehenetik aurrera hasi ziren eduki bereziekin. Gerrak urtebete egingo duen honetan, egoera zein den aztertzea izan da asmoa. Hango eguneroko bizitza nolakoa den, oraindik ere gerran egonik, erasoen minutuz minutukoa ahaztu gabe, noski. Horrez gain, Ukrainatik ihesean gurera etorritakoen bizimoduan ere jarriko dute fokua eta, horretarako, erreportaje bereziak egingo ditu Aintzane Bolinaga buru duen erreportari taldeak.



Eguerdiko'Teleberri' berezia Ukrainatik

Eguerdiko'Teleberri' berezia Ukrainatik

Eduki guztiak, eitb.eus-en

EITBko lantaldea Ukrainan egiten ari den lanaren erakusleiho ari da izaten beste behin eitb.eus eta, adituen analisiak biltzeaz gain, gerrak gurera ekarritako ukraniarrei arreta berezia jarri die.