Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Saria

Instituto Roche fundazioak medikuntza birsortzaileari buruzko "Teknopolis"en kazetaritza lana saritu du

EITB Media

Osasungintzako komunikazio arloan erreferente den lehiaketa honetara 280 lan aurkeztu dira aurten, parte hartze errekorra gaindituta, eta guztien artetik EITBk eta Elhuyar Fundazioak ekoiztutako saioa nabarmendu dute, 'National Geographic'ekin batera.

  • Iñaki Leturiak eta Inma Alvarezek jaso zuten saria asteazkenean Madrilen, lantalde osoaren izenean

    Iñaki Leturiak eta Inma Alvarezek jaso zuten saria asteazkenean Madrilen, lantalde osoaren izenean

Sona handiko lehiaketa da Instituto Roche fundazioak antolatzen duena, bertan nabarmentzen diren artikuluen eta erreportajeen bitartez ezagutzera ematen ari baita zer den zehaztasuneko medikuntza pertsonalizatua eta zein garrantzia izango duen medikuntza arloaren etorkizunerako. Hain zuzen ere, ETBko "Teknopolis" saioaren erreportajeak medikuntza birsortzailearen inguruan BioGipuzkoa, CIC BiomaGUNE, Leartiker eta CIC NanoGUNE zentroetan egiten ari diren ikerketa lana erakusten du. Lau erakundeak kooperazioa eta bikaintasun zientifikoa helburu dituen Basque Research and Technology Alliance-ko kide dira. 

Komunikazioan erreferente den EITB ikus-entzunezko taldeak Elhuyar Fundazioarekin batera ekoizten duen "Teknopolis" saioak 25 urte bete ditu arten. Aitzindaria izan da zientzia euskaraz telebistara eramaten eta sari andana jaso ditu ibilbide luze horretan. Azkena, joan den martxoan, Transfiere Kazetaritza Saria, espazioko teknologiaren arloko azken ikerketen eta sateliteen inguruko erreportajearekin. 

Errekonozimendu horiek guztiek bultzada ematen dio astebururo ETB1en eta ETB2n egiten duen dibulgazio lanari, eta interes handiko gaiak jorratzeko grina pizten du. Hala, aste honetan, Bilboko aireportua barrutik ezagutuko dute; kontrol-dorrean sartuko dira, eta aireportuko pistan ibiltzen diren beste ibilgailuen eta belatzen lana erakutsiko dute. Hurrengo astekoa biodibertsitatearen galerari buruzkoa izango da eta hiru aste barru alzheimerrari eskainiko diote arreta, guztiok kezkatzen gaituen gaitz ikaragarri honen gainean zer berri dagoen jakin ahal izango dugu.