Itxi

X-noti general-X

X-noti general-X

Albistea

Hauteskunde-kanpaina

'Helmugara' PPren aurretik heltzeko konfiantza agertu du Rubalcabak

Erredakzioa

PSOEren hautagaiak ohartarazi du Mariano Rajoyk zuzentzen duen alderdiak murrizketa izugarriak egingo dituela osasun sektorean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan.

  • Alfredo Perez Rubalcabak Torrelavegan egindako ekitaldiarekin hasi du hauteskunde-kanpaina. EFE

    Alfredo Perez Rubalcabak Torrelavegan egindako ekitaldiarekin hasi du hauteskunde-kanpaina. EFE

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernurako PSOEren presidentegaiak onartu du une honetan Alderdi Popularraren atzean daudela, "baina garrantzitsuena helmugara nola heltzen garen da, eta ez azken txanpan nola gauden", azpimarratu du.

Torrelavegan (Kantabria) egindako ekitaldiarekin eman dio hasiera hauteskunde-kanpainari eta 2.000 pertsona inguru bildu ditu bertan. "Lasterketa irabazteko gogoarekin" egiteko deia egin du eta horretarako herritarrei PSOEren programa azaltzea eta Alderdi Sozialistaren baloreak "betikoak" direla argi uztea ezinbestekotzat jo du.

Rubalcabak esan du Alderdi Popularrak atzerapausuak eman dituen bitartean, PSOEk aurrera begiratu duela beti, eta Felipe Gonzalezen garaian ezarritako doako osasun zerbitzua eta hezkuntza publikoa jarri ditu adibide moduan.

"Murrizketa izugarriak"

PSOEren hautagaiaren iritzian, azken 30 urteotan sortutakoa PPk lau urtetan suntsitzeko arriskua dago, izan ere, Alderdi Popularrak osasun sektorean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan "murrizketa izugarriak" egingo dituela ohartarazi du.

Rubalcabak nabarmendu du sozialistek jakin badakitela eskubideak murriztu gabe gastatzea eta alkohola edan edo tabakoa erretzen dutenei gehiago eskatuko diela adierazi du.

Ekonomia berpizteko botere publikoek "premiaz" jokatu behar dutela esan du. Estatuari, botere publikoei eta Europar Batasunari gehiago eskatu behar zaiela onartu arren, "doitzea egitea nahikoa ez" dela erantsi du.

Horrenbestez, diru-sarrera handienak dituztenek ondarearen gaineko zergaren bidez "lagundu" beharko dutela adierazi du.

Krisiari "irtenbide aurrerakoia"

Bestalde, kaleratzeak barik, kontratazioak merketzearen alde egin du, baina horretarako baliabide ekonomikoak izatea beharrezkoa dela esan eta berriro azpimarratu du gehiago dutenek gehiago ematea garrantzitsua dela.

Horrez gain, banketxeek dituzten hobarien zati bat enplegua sortzeko erabiltzea ezinbestekotzat jo du.

"Hauteskunde oso garrantzitsuak dira, izan ere, krisia gainditzea dago jokoan. PSOEk irtenbide aurrerakoia eman nahi dio krisiari eta eskuindarren teoria gezurtatu nahi dugu, hau da, krisitik ateratzeko eta enplegua sortzeko osasun sektorean eta hezkuntzan murrizketak egin behar direla", azpimarratu du.