Itxi

hauteskundeak

hauteskundeak

hauteskundeak

A21

Honelakoa izango da igande honetako hauteskunde-eguna: jardunaldi frenetiko baten xehetasunak

Eriz Lotina | EITB Media

Hauek dira datu esanguratsuetako batzuk: 1.795.212 pertsonak dute botoa emateko eskubidea, 729 hautesleku, 2.695 mahai, 1.227 polizia eta informazioa emateko 5 agerraldi (10:00etan, 14:00etan, 19:00etan, 21:03an eta 22:30ean).

0:34

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetan guztira 1.795.212 pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea, duela lau urte baino 896 gehiagok. Horien arteko 75.634 gaztek lehen aldiz bozkatuko dute hauteskunde autonomikoetan, 2020ko azkenengoetatik 18 urte bete baitituzte: 38.271 Bizkaian, 26.332 Gipuzkoan eta 11.031 Araban.

Balizko boto-emaile horietako 82.911 atzerrian bizi dira. Bertan ez dauden Egoiliarren Hautesle Erroldan (AEHE) izena eman duten pertsonak dira. Horien botoa jasotzen ari dira jada, eta datorren ostiralean, apirilaren 26an, zenbatuko dituzte.

Euskadin bizi diren pertsonen erroldan izena emanda dauden boto-emaileen 57.726k posta bidez bozkatzeko eskaera egin dute; 2016an baino % 10 gehiago dira. Ordukoak izan ziren hauekin konpara daitezkeen azken hauteskundeak, posta bidezko botoak nabarmen egin baitzuen gora duela lau urte, pandemiaren eraginez.

Urtero bezala, gaixoentzako edo eragozpen fisikoren bat dutenentzako garraio-zerbitzu bat jarriko da martxan hauteslekuetara hurbildu ahal izateko. Zerbitzu horrek 105 pertsona eramango ditu bizilekutik hauteskunde-mahaira. Gainera, 66 lagunek (duela lau urte baino 54 gehiago) braillez emango dute botoa.

Hauteslekuak eta mahaiak

Igande honetan, 729 hautesleku egongo dira, duela 4 urte baino 32 gutxiago, eta 2.695 mahai jarriko dituzte, duela lau urte baino 17 gehiago.

Mahai bakoitza 09:00ak baino lehen osatu beharko da, une horretan hauteslekuak jendearentzat irekitzen baitira. Guztira, 8.085 pertsonak osatuko dituzte mahaiak, 2020an baino 51 gehiagok. Pertsona horiek 08:00etan egon beharko dute hauteslekuan, 85 euroko kalte-ordaina jasoko dute, Gizarte Segurantzaren babesa izango dute eta, beren lana egiteko, eskuliburu baten eta azalpen-bideo baten laguntza izango dute.

Gainera, 16.170 ordezko izendatu dira hauteskunde-mahaietarako, iaz baino 102 gehiago. Bozkaleku guztietan administrazio publikoaren 1.450 ordezkari inguru egongo dira. Azken horien lana hauteskunde-eguna eta ondorengo zenbaketa kontrolatzea eta laguntzea izango da.

Era berean, hauteslekuetan 1.750 artekari inguru egongo dira, alderdi, koalizio eta hautesle-elkarteen ordezkari gisa.

Hauteskunde-batzordeak osatzen dituzten 64 pertsonek egun osoan egingo dute lan. 390 lagunek parte hartuko dute dispositibo teknikoan, informatikoan zein ikus-entzunezkoan, informazioa jasotzeko eta herritarrei helarazteko, hauteskundeen jarraipena egiteko webgunearen eta Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuaren agerraldien bidez.

Segurtasuna

Erkoreka Gasteizen jarriko den Segurtasuna Koordinatzeko Mahaiaren buru izango da, 08:00etatik boto-zenbaketa amaitu eta hauteskunde-batzordeei sinatutako aktak eman arte.

Segurtasun-dispositiboa bikoitza izango da, 1.227 poliziak osatuko baitute segurtasuna bermatuko duen dispositiboa: 939 ertzainek eta 288 udaltzainek.

Zibersegurtasunari dagokionez, hauteskunde-prozesuetan ohikoenak diren mehatxuak hautematea izango da dispositiboaren helburua, asko baitira halakoetan mehatxuak: sare sozialen bidez desinformazioa zabaltzea, informazio sentikorra baimenik gabe eskuratzeko nortasuna ordezkatzea, hautagaiak ordezkatzea, webgune bat desitxuratzea (defacement), zerbitzua ukatzea, etab.

Parte-hartzeari eta boto-zenbaketari buruzko datuak

Erkorekak bost agerraldi egingo ditu datu-pantailekin, eta streaming bidez emango dira www.irekia.euskadi.eus webgunearen eta Eusko Jaurlaritzako sare sozial guztien bidez. 10:00etan, hauteskunde-egunaren hasierari buruzko informazioa emango da (hauteskunde-mahaien eraketa eta balizko gorabeherak); 14:00etan, parte-hartzeari buruzko lehen datuak eskainiko dira (13:00etan jasotakoak); 19:00etan, parte-hartzeari buruzko datuen bigarren txanda izango da (18:00etan jasotakoak); 21:03an, boto-zenbaketaren lehen datuak; eta 22:30ean, boto-zenbaketaren % 100eko emaitzak.

Komunikabideetako 100 profesionalek Emaitzak Aurkezteko Zentrotik egingo dute lan, eta prentsa-zentro bihurtuko da hauteskunde-egunaren berri emateko.

Boto-zenbaketa 20:00etan hasiko da, hauteslekuak ixten direnean. Lehenengo datuak 21:00etan emango dira, eta, hortik aurrera, zenbaketa online jarraitu ahalko da. Datuak hiru minutuan behin eguneratuko dira.

Hala ere, zenbaketa orokorra lurralde historikoetako hiru hauteskunde-batzordeen egoitzetan (Justizia Jauregietan) egingo da datorren ostiralean, apirilaren 26an.

Hauteskunde-igandetik aurrera aurkeztutako eta hauteskunde-batzordeek (LHHB) "behin-behineko zenbaketaren" emaitzei aurkeztutako erreklamazioak eta Atzerrian bizi diren egoiliarren hauteskunde-erroldaren (AEHE) boto-zenbaketa ere jasoko ditu.

Behin emaitza horiek lortuta, eta erreklamazio gehiago ez badago, behin betiko bihurtuko dira, eta hauteskunde-batzordeek hautetsiak aldarrikatuko dituzte. Aldarrikapen hori, gehienez ere, 7 eguneko epean argitaratu beharko da, bai Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bai lurralde historiko bakoitzeko aldizkari ofizialean.