Bilbo
balantzea
Ia 300 gazte zigortu zituzten iaz Bilbon, 'litroak' egiteagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horietatik, % 27k lan komunitarioak egitea nahiago izan zuten, isuna ordaindu beharrean.
Bilboko Udalak 290 gazte zigortu zituen iaz, kalean 'litroak' egiteagatik.
Horren ildotik, Udalak ekimen aitzindaria abiatuko du hurrengo asteetan, kalean edaten duten gazteak eta praktika horren "kaltedunak" (auzokideak eta ostalariak) mahai baten inguruan biltzeko.
Horrez gain, udal gobernuak bitartekariak bidaliko ditu kaleetara, litroak egiten ari diren pertsonen artean gizalegezko jokabideak sustatzeko.
Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol zinegotziak litroei buruzko lan bat aurkeztu du gaur. Horren baitan, aipatutako neurriak onartu dituzte.
Zinegotziaren esanetan, helburua da "oreka" lortzea gazteen aisialdiaren, auzokideek atsedena izateko eskubidearen eta arazoak saihesteko ostalariek duten interesaren artean.
Agirregoitiak azaldu duenez, litroak egiten dituzten pertsonek ez dute ia suntsipenik ezta erasorik egiten, eta arazo nagusia "zikinkeria, zaratak eta txizak" dira.
Iaz, Herri Segurtasun departamenduak 301 espediente ireki zituen, eta, horietako 290k, zigorra ekarri zuten.
Zigortutako gazte horietatik, % 27k (78 pertsona) lan komunitarioak egitea nahiago izan zuten, isuna ordaindu beharrean.
2013an, Udalak "Adizkidetuz" plana abiatu zuten, zigor arinak jasotzen dituzten gazteek lan komunitarioak egin ditzaten.
Litroak egiteagatik jarritako isunak 200 eurokoak dira batez beste. Lan komunitarioak egitea nahiago dutenek egunean 8 orduko lanak egin ohi dituzte gehienez.
Litroak egiten dituzten gazte gehienak 16 eta 24 urte artekoak dira, ikasleak gehienbat. % 56 mutilak dira, eta, % 44, neskak.
Batez ere, dantzalekuen (Bolueta eta Zorrotzaurre) eta tabernen (Albia lorategia, Udaletxea eta Poza) inguruetan bildu ohi dira gazteak supermerkatuetan erositako alkoholdun edariak edateko.