Itxi

Herriak eta Hiriak

'Open House' ekimena

Ibaigane, Arriaga... Bilbok hainbat eraikin ospetsu irekiko ditu irailean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Open House ekimenaren baitan, Bilboko 40 eraikin baino gehiagok ateak zabalduko dituzte irailaren 23an eta 24an, doan.

  • Arriaga Antzerkia. Argazkia: Begoña Barrutia

    Arriaga Antzerkia. Argazkia: Begoña Barrutia

Bilbok bat egin du Open House nazioarteko ekimenarekin irailaren 23an eta 24an. Arkitektura eta kultura uztartzen dituen jaialdia da, 48 orduz eta doan ateak zabaltzen dituena herritarrentzat itxita egon ohi diren edo jendeak ezagutzen ez dituen eraikin eta espazio interesgarriak.

Orotara 40 eraikin baino gehiago egongo dira zabalik, doan. Eraikin bakoitzak ahal duen ordutegia jarriko du barrutik ikusteko; ordutegi horiek jaialdiari buruzko gidan eta webgunean kontsultatu ahal izango dira.

Parte hartuko duten eraikinek bereizgarria izango dute kanpoko aldean eta boluntarioek sarrerak kontrolatu eta informazioa emango dute. Eraikin bakoitzeko 20-30 minutuko bisitaldi gidatuak izango dira, 25 pertsona inguruko taldeetan banatuta. Eraikin gehienak bisitatzeko ez da izenik eman behar, nahikoa izango da bertara hurbiltzea eta txanda izan arte itxarotea.

Jaialdia Bilboko arkitekturaren ordezkari bihurtuko da Open House Worldwide sarearen barruan. Sare horretan 30 hiri baino gehiago daude eta munduko arkitekturaren ekimenik handiena osatzen dute.

Open House Bilbao proiektua OUT elkarteak garatu du, elkarte hori baita Open House Bilbao markaren jabea; Bilboko Udaleko Hiri Plangintzarako Sailaren babesa du.

OUT diziplina askotan diharduen elkartea da, irabazi-asmorik gabekoa. Elkartearen helburua da Bilbo uriari buruzko hausnarketa kolektiboa egitea eta ideien laborategia izatea, bertatik proposamen berritzaileak sor daitezen kulturaren, hirigintzaren, arkitekturaren eta teknologia berrien arloetan.

Open House nazioarte-mailako jaialdia da, arkitekturari eta hirigintzari buruzkoa; 1992an egin zen aurrenekoz Londresen. Urtean 48 orduz uriko zenbait eraikinetako ateak dohainik irekitzen dituzte, herritarren artean eraikin horietako diseinuaren eta arkitekturaren presentzia sustatzeko.

Urteetan zehar jaialdia beste hiri batzuetara ere zabaldu da, arkitekturan eta diseinuan abangoardian dauden hirietara. Une honetan 30 hiritan baino gehiagotan egiten da jaialdia, besteak beste, New York-en, Helsinkin, Bartzelonan eta Melbournen. Hirien Open sarea, elkarrengandik ikasteko eta lankidetzan jarduteko eta Open House Worldwide familiako kideen artean sinergiak sortzeko aukera ematen duena.

Ekimenean parte hartuko duten eraikinak:

- Chávarri jauregia, 1894. A. de Anduiza, P. Hankar.

- Ibaigane jauregia, 1900. G. Ibarreche.

- Bailen kaleko etxe-orratza, 1946. J.M. Chapa, M.I. Galindez.

- Meliá hotela, 2003. R. Legorreta, TDM, Aurteneche&Pérez-Iriondo.

- Iberdrola dorrea, 2011. C. Pelli, Ortiz-León.

- Bidebarrietako Udal Liburutegia, 1890. S. Achúcarro

- Auzo Factory Matiko, 2013. Suárez & Santas

- Udaltzainene ta suhiltzaileen egoitza, 2012. Coll Barreu

- Harino Panadera, 1902. Mario Camiña/ Fidel Urrutia.

- Azkuna Zentroa. 1909/ 2010. R. Bastida / P. Stark

- Arriaga Antzokia, 1885-1890. J. de Ruciba

- Arte Ederren Museoa, 1945/1970/2002. F. Urrutia, G. Cárdenas/A. Libano/L.M. Uruarte, P Basáñez.

- Olabarri Jauregia, 1894. J. de Zubizarreta.

- Bizkaia Aretoa, 2010. A. Siza, R. Losada.

- Euskadiko Artxibo Historikoa, 2013. G. Carro, IDOM

- IDOMen egoitza, 2011. J. Pérez Uribarri, IDOM