Itxi

Herriak eta Hiriak

Xenofobia

Bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, eraso arrazista bat dela eta

Agentziak | Erredakzioa

24 eta 37 urteko gizasemeek irain arrazistak egin zituzten emaztearekin paseoan zebilen gizon baten kontra, baita kolpatu ere.

Gasteizko Udaltzaingoak 24 eta 37 urteko bi gizonezko atxilotu zituen atzo, igandea, beste bati eraso egin eta irain arrazistak egiteagatik.

Udaltzaingoak ohar batean azaldu duenez, gertakariak igande arratsaldean jazo ziren, 20:00ak aldera, Jesusen Zerbitzarien kaian. Emakume batek Udaltzaingoari deitu zion erasoaren berri emateko. Agenteei kontatu zienez, paseoan zebilela, bi gizonek senarra kolpatu zuten eta irain arrazistak egin zizkioten.

Udaltzaingoaren patruilak heldu zirenerako, biak joanda zeuden, baina lekuko batzuek eta bikoteak berak emandako deskribapenari esker, handik gertu topatu zituzten.

Agenteek emakumezko hiru erloju eta oraindik etiketa zuten kirol jantziak aurkitu zizkieten motxila baten barruan, eta kendu egin zizkieten, lapurtutakoak ziren susmoarekin.

Horren aurrean, 24 urteko gizona oldartu egin zitzaien, eta udaltzainak eta inguruan zeuden herritarrak mehatxatzen hasi zen. 37 urteko gizasemeak ere, erasoari ekin zion.

Hainbat delitu egotzita atxilotu zituzten biak.