Herriak eta Hiriak
Bizkaia
Basauriko Soloarte pasealekua premiaz berrituko dute
agentziak | erredakzioa
Nerbioi ibaiko urek kalte gehiago ez egiteko helburuarekin egingo dituzte lanak.
Soloarte pasealekua premiaz konpontzeko obrak martxan jarriko ditu Basauriko Udalak 15 eguneko epean. Apirilean lur-jausia egon zen bertan, eta lanon bitartez Nerbioi ibaiko urek bideari eta alboko eskolari kalte gehiago ez egitea nahi dute.
Apirilaren 11n pasealekuaren zati bat erori zen euri bortitzen ondorioz urak oso indartsu jaitsi baitziren. Ondorioz, Udalak itxi egin zuen, eta eskolaren jolastokiak erabiltzea debekatu zuen.
Nerea Renteria Lurralde eta Kontratazio Politikako zinegotziaren arabera, lehenengo, luiziek eramandako hondakinak aterako dituzte ubidetik; hormaren zatiak, bankuak, farolak eta paperontziak, tartean.
Ondoren, Udalak harrizko horma bat jarriko du luizia izan zen aldean. Zinegotziaren esanetan, urak ibaiaren alde hori higatzen ez jarraitzeko eta eskola ixtea eragin dezaketen luizi gehiago ez izateko egingo dituzte obra horiek.
Lanok egin ahal izateko, Basauriko Udalak Uraren Euskal Agentziaren baimena jaso du jada.