Gizartea -

Aste Nagusia

Aste Nagusian izandako hirugarren eraso sexista salatu dute Bilboko Konpartsek

Autodefentsa feministari eta lekukoen laguntzari esker, eraso gehiago saihestu direla azpimarratu dute Bilboko Konpartsek.

Areatzan igandean egin zuten elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: Bilboko Konpartsak
Areatzan igandean egin zuten elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: Bilboko Konpartsak
Areatzan igandean egin zuten elkarretaratzea. Artxiboko argazkia: Bilboko Konpartsak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Aste Nagusian izandako eraso sexista fisiko bat salatu dute ostiral honetan Bilboko Konpartsek. Autodefentsa feministari eta lekukoen laguntzari esker, "eraso gehiago saihestu" direla azpimarratu dute.

Azkeneko erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin dute Bilboko Areatzan, 19:30ean. Bilkuran Zorion Egileor pregoilariak eta Saioa Dominguez txupinerak hartu dute parte. Zenbait udal ordezkari ere bertan izan dira, tartean Bruno Zubizarreta EH Bilduko zinegotzia.

Elkarretaratzea amaitzeko, adierazpen bat irakurri dute eta Aste Nagusian izandako azken eraso sexista salatu dute.

Halaber, eraso gehiago izan direla ohartarazi dute: "Eraso gehiago izango dira; informazioa bildu dugu eta erasoak pairatu dituzten emakumeekin zuzenean hitz egin dugu".

Alabaina, "biktimek hortzak erakutsi dituzte, eta autodefentsa feministari eta erasoen lekuko izan diren pertsonen laguntzari esker, egoera larriagoa izatea ekidin da", zehaztu dute.

Indarkeria matxistaren ondorioz emakumeek jaiak askatasunean gozatu ezin dituztela salatu dute. Hala ere, "ez gara etxean geratuko eta ez dugu beldurra eta menpekotasuna sustatzen duten diskurtsorik onartuko". "Botere morea piztera goaz", azpimarratu dute.

Bestalde, konpartsek kazerolada egingo dute gauerdian txosnetan.

Joan den igandean beste bi eraso sexista salatu zituzten Bilboko konpartsek. Beraz, hiru dira jada Aste Nagusian izan diren eraso matxistak.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo berriak Tratu txarrak Espainian Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak Matxismoa gaur Salaketak