Herriak eta Hiriak
Egitaraua
Donostiak euskal kulturarekin lotutako 66 jarduera antolatu ditu Euskal Jaietarako
agentziak | erredakzioa
Kontxako Banderako sailkatze estropada eta lehenengo txanda izango dira egitarauaren barruan, eta gastronomiak eta musikak protagonista izaten jarraituko dute.
-
Donostiako Konstituzio plaza jendez lepo, 2017ko Euskal Jaietan. Argazkia: Efe
66 kirol, gastronomia, musika eta folklore jarduerak antolatu ditu Donostiak 2018ko Euskal Jaietarako. Abuztuaren 30ean, ostegunean, Kontxako Banderako sailkatze estropadarekin hasi, eta irailaren 9an amaituko dira, sardina jatearekin.
Alfonso Gurpegi Jaietarako zinegotziak aurkeztu du Euskal Jaien egitaraua. XIX. mendean dute jatorria Euskal Jaiek, baina 1994an berreskuratu zituzten Parte Zaharreko elkarteek.
Gorka Aizpurua eibartarrak marraztu du aurtengo kartela, jantzi tradizionalak soinean dituen bikote bat iradokitzen duena.
Gastronomiari eta bertako produktuei lotuta, irailaren 1ean Sagardo Eguna egingo dute Konstituzio Plazan. 35 sagardogile elkartuko dira guztira.
Egun horretan bertan, tomate lehiaketa eta nekazaritza ekologikoaren merkatua egingo dute Boulevard zumardian. Irailaren 6an, 7an eta 8an, Basque Beer Fest garagardoaren festa egingo dute; marmitako eta legatz lehiaketak, 7an eta 8an; eta sardina jatea, 9an.
Aurtengo berritasun nagusietako bat Frantzia pasealekuan izango den artisau azoka eta doako tailerrak izango dira. Hamaika egunez egongo dira bertan.
Kirol arloan, Kontxako Bandera izango da protagonista, baina toka txapelketa, esku-pilota partidak, igeriketa, krosa eta waterpoloa ere izango dira.
Euskal tradizioek eta folkloreak irailaren lehenean izango dute bertan tokia. Hala, kantu jira, esku-dantza eta euskal erromeria egingo dute Parte Zaharrean, dultzaina, txistu eta trikitixa doinuekin batera.
Irailaren 2an, dantzari txapelketa egingo dute, eta 7an, bertso saioa, besteak beste.
Haurrentzako jarduerak, poesia saioak Victoria Eugenian, Errementari filmaren emanaldia, trikitixari buruzko mahai-ingurua eta Gaztelu Eguna ere izango dira.