Herriak eta Hiriak
Birmoldaketa lanak
Basurtuko Ospitaleko ingurua irisgarriago egiteko lanak urrian hasiko ditu Bilbok
Agentziak | Erredakzioa
Lanak hainbat fasetan egingo dira eta 21 hilabetez luzatuko dira. Birmoldaketak Montevideo etorbidean eta Basurtu-Kastrexana errepidean (ospitalearen aurrean) burutuko dituzte.
Bilboko Udalak Basurtu inguruko birmoldaketa lanak hasiko ditu urriaren bigarren hamabostaldian, auzoa irisgarriago egiteko helburuarekin, eta 21 hilabetez luzatuko dira. Guztira, 5,75 milioi euro bideratuko dituzte Bilboko sarbide nagusiko lanak burutzeko. Udalak jakitera eman duenez, lanak Montevideo etorbidean eta Basurtu-Kastrexana errepidean (ospitalearen aurrean) egingo dira.
Asier Abaunza Bilboko Udaleko Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Saileko zinegotziak lan horien inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin du astearte honetan. Bere esanetan, Udalarentzat "proiektu estrategikoa da", eta horren helburua da oinezkoen zein ibilgailuen irisgarritasuna hobetzea, eta, halaber, "pertsonen aisialdirako nahiz gozamenerako espazioak eta ekipamenduak sortzea".
Lanak burutuko dituzten guneak 32.500 m2-ko azalera eta 480 metroko luzera lineala ditu. FEVEren linea lurperatzeko lanek, horrek sortu zituen kota desberdinek eta, orduan, 2010ean, egindako behin-behineko urbanizazioak baldintzatutako gunea da.
Lanen gunea bi plano desberdinetan kokatuko da: Goiko planoan, Basurtu-Kastrexana errepidea dago, eta geltokiaren beraren estalkiaren gainean egindako behin-behineko aparkalekua. Beheko planoan, Basurtuko Ospitalea dago, bai eta FEVEren geltokirako sarrerak eta Montevideo etorbidea (hiriko sarbide nagusietarikoa) ere. Ospitalearen ondoan autobus geraleku bat dago, eta, bertan, zirkulazio-dentsitate handia egoten da, bai eta zailtasunak ere, noranzko aldaketak egitean. Montevideo etorbideak bi kale lotzen ditu, Gurtubay eta Olabeagako errepidea, semaforodun bidegurutzeekin, kasu bietan.
Lanak hainbat fasetan egikarituko dira, zirkulazio-dentsitate handia daukan Bilborako sarbide honetan izango duten eragina ahal den beste minimizatzeko.
Montevideo etorbidea da Gurtubay kalearen eta Olabeagarekin dagoen loturaren arteko zirkulazio-ardatz nagusia. Zirkulazioaren noranzko bakoitzerako errei bana du, eta lorez apaindutako erdibitzaile batek banatzen ditu. Montevideo etorbideak bi kale lotzen ditu, Gurtubay eta Olabeagako errepidea, semaforodun bidegurutzeekin, kasu bietan.
Lan berriari esker, ibilgailuen zirkulazioa aldatu eta berrantolatuko da, erdibitutako beste bi biribilgune sortuta, Montevideo etorbideak Gurtubay kalearekin eta Olabeagako errepidearekin dituen loturetan. Horrela, zirkulazio nagusia lehenesten da, baina posible diren gainerako mugimenduak ere baimentzen dira, noranzko aldaketa barne (gaur egun, nahiko mugatuta dagoen mugimendua, oraingo trazaketagatik).
Lehenengo biribilgunea Montevideo eta Gurtubayren arteko elkargunean dago (Gurtubay biribilgunea), eta 32 metroko diametroa izango du. Berezitasun gisa, hiriko autobusak tranbiarekin komuna den plataformara sartuko dira, erdibitzailean berariaz horretarako ezarritako leku batetik. Biribilgune honek ahalbidetuko du Autonomia kaletik Basurtura sartzeko ezkerrerako biraketa egitea, auzokideen eskaera bati erantzunez.
Bestalde, Basurtu-Kastrexana errepidearen trazaketa aldatzea aurreikusi du Udalak, oinezkoentzako lekua irabaziz. Galtzada zazpi metrokoa izango da, espaloiak hiru metrokoak, lineako aparkalekua egingo da, bai eta oinezkoentzat nahiz gelditzeko gune zabal bat ere.
Halaber, Montevideo etorbidea Basurtu-Kastrexana errepidearekin lotzeko, 77 metroko luzerako bide bat egikarituko da, 3 metroko zabalerako espaloia izango duena, galtzadatik harresi txiki batekin banatuta. Espaloi horren ondoan oinezkoentzako lotura egingo da Santiago etxalderaino, eta eraikitzen ari diren Santa Ana etxebizitzetaraino.
Feveren geltokia birmoldatzeko diseinua etorbidearen eta geltokiaren arteko kota aldeak baldintzatuta dago. Gaur egun, soropil-zerrenda zabala dago, erabili gabe, eta, alboan, geltokiaren fatxadaren ondoan espaloia dago.
Forma obalatuko bi orban berde handi egingo dira, apaingarri gisa, geltokiaren fatxadaren ikuspegi nabarmena murrizteko. Noranzko bietan lore-zuhaitzak landatuko dira, oso hurbil bata bestetik, eta urtaroaren araberakoak izango dira.