Itxi

Herriak eta Hiriak

DANBORRADA

Danborradan euria egingo duela iragarri du Euskalmetek

EITB.EUS

Euskal Metereologia Agentziaren arabera, euria egingo du larunbat arratsaldeko azken orduetan eta gauean. Igandean, zaparradak ugariagoak izango dira goizeko lehen orduetan eta egunaren amaieran.

  • 2018ko Donostiako Danborradako irudia. Argazkia: EFE.

    2018ko Donostiako Danborradako irudia. Argazkia: EFE.

Donostiako eta Azpeitiko danborradei begira, urtarrilaren 19an eta 20an izango den eguraldiaren iragarpena egin du Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak.

Urtarrilaren 19an, larunbatean, hodeiak eta ostarteak egongo dira goizaldean, baina zerua estalita geratuko da goizean zehar, Euskalmeten arabera.

Arratsaldean, zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du; seguruenik, arratsaldeko azken orduetan izango da, eta gauean jarraituko du.

Igandean, zaparradak sarriago botako ditu, eta ugariagoak izango dira goizeko lehen orduetan eta egunaren amaieran. Eguerdi partean, tartekatuagoak izango dira, hau da, noizbehinka ostarteak irekiko dira eta, beste une batzuetan, zerua ilun bihurtu eta euria egingo du.

Asteburuko tenperatura

Larunbatean, gutxieneko tenperatura 5-6 gradukoa eta gehieneko tenperatura 12-14 gradu zentigradukoa izango da Donostian; igandean, ordea, gutxieneko tenperatura 6-7 gradukoa eta gehienekoa 10 eta 11 artekoa.

Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da larunbatean. Horren ondorioz, eguneko maximoak apur bat igoko dira, bereziki itsasertzean. Egunaren amaieran, haizeak mendebaldera edo ipar-mendebaldera egingo du.

Igandean, aldiz, ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Hori dela eta, itsasaldetik zaparradak sartuko dira tarteka. Haizea parrastatsua izango da eta giroa freskoa. Eguerdian, tenperatura jaistea espero dute.

Bestetik, Azpeitian, larunbateko gutxieneko tenperatura 4-6 gradukoa izango da eta gehienekoa 12-13 gradukoa. Igandean, gutxieneko tenperatura 5-6 gradukoa eta gehienekoa 9 eta 10 gradu artekoa izatea espero dute.