Erreportajeak
Euskadi Irratiko Erreportajeak
Euskal modarik bai?
Ainhoa Etxebeste
Euskadi Irratia
Euskal modarik baden? Hori erantzunik gabeko galdera dela esango nuke moda bezalako mundu globalizatuan. Galdera Euskal diseinatzailerik ba ote den balitz, erantzuna garbia da: bai.
-
Argazkia: Queenslatino
Euskal modarik baden? Hori erantzunik gabeko galdera dela esango nuke moda bezalako mundu globalizatuan. Galdera Euskal diseinatzailerik ba ote den balitz, erantzuna garbia da: bai. Eta sona eta oihartzun handiko diseinatzaileak ere bai munduan barrena.
Cristobal Balenciaga getariarra izango da itxura batean mundu mailako moda diseinatzaile ezagunena. Bere jaioterriak jostunari eskaini dion museoaren irekierak agerian utzi du izan zuen sona eta moda munduan izan zuen eragina. Kontxu Uzkudun diseinatzaileak, esate baterako, aitortzen du bere eragina: "Pilar Usarraga, Balenciagarekin lan egin zuena izan nuen irakasle. Eta antzematen da, Balenciagari bezala gauza sinpleak , ondo eginak , ondo estrukturatuak gustatzen zaizkiolako". 80. hamarkadan, Ana eta Beatriz Zuaznabar alabekin ireki zuen Minimil denda. Katean horren aldeko apostua egiten dute heurak egiten dituzten diseinuetan. Modak, oro har, Europako iturritik edaten du eta Uzkudunek bertako denda, azoka eta tendentzietan aurkitzen du ispirazioa.
Nazioartea
Nazioartera irtetzea ezinbestekoa ikusi zuen Erandioko J+Gk. Emakume-moda markaren zuzendari nagusia da Santos Txakartegi. 1985ean hasi zirela nazioarteko mugak gainditzen azaldu dit: "Leihakor izateko, hemen eta kanpoan egon behar duzu. Hareago zu ateratzen ez bazara heurak etorriko dira merkatua hartzera". Hori horrela, Europan dagoen krisiari izkin eginda Asiako merkatuan dabiltza buru belarri. Txinan, Beijing-en zabaldu dute aurreneko denda eta gehiago zabaltzeko asmoa ere badute ondorengo bi urteetan. "Txinako emakumeei gustatzen zaie gure arropa" arrazoitzen du eta hain zuzen ere, globalizazioa modaren aldeko izan dela tendentziak leku guztietan ber-berak direlako gaur-gaurkoz.
Txinan eta Euskal Herrian
Gernikan hasi ziren, baina Skunk-Funk markak ere Txinan egiten du bere ekoizperaren zatirik handiena. "Txina da gauzak arin eta prezio dezentean egiteko munuduko leku bakarra", Mikel Feijook azaldu didanez. Bera da gaur gaurkoz atzerrian gehien saltzen duen euskal markaren sortzailea.
Sekula ez zuen pentsatuko iritsi diren lekura iritsiko zirenik. Argitzen dit jendeak pentsatzen duenaren kontra, Txina ia ez dela ekoizpen leku merke bat: "Soldatak %30 hazi dira 2010ean", eta horrek egiten duten arroparen prezioan eragina duen arren, ezin dela leku batetik bestera ekoizpena eramaten ibili adierazi dit.
Basque Country-tik mundura
"Lau kontinentetan eta 54 herrialdetan" saltzen da gaur egun Skunk-funk. Merkatuak zabaltzeko etengabeko prospekzioan ari dira eta hori egin ahal izateko "asko bidaiatu, gauez ibili eta han eta hemengo feria eta dendak " ikustea da bidea tokian-tokiko jendeen gustuen berri jakiteko.
"Basque Country"-koak direla esan ohi dute nazioartean dabiltzanean baina etxean ere merkatu zabala dute. Bilbon, Bilboko Gran Vian zabalduko dute hurrengo denda aurki , hurbiltasunak adieraziko dielako "zer falta duten". Berria eta jasangarria da beren filosofia, etxean eta atzerrian arrakasta lortu duen egiteko modua nonbait.