Euskadi Irratia
Igandean
Lea ibaia zeharkatuko du aste honetako 'Zubiak' saioak
ERREDAKZIOA | G.U.
Igandean, 15:00etatik 16:00etara, Artzen Letona eta Alaia Martin gidariek eta Saioa Alkaiza kolaboratzaileak Lea ibaiaren bueltan osatuko dute saioa.
Igande honetako 'Zubiak' saioak Lea ibaia izango du protagonista. 15:00etatik 16:00etara, Artzen Letona eta Alaia Martin gidariak eta Euskalerria Irratiko Saioa Alkaiza kolaboratzailea Lea ibaiaren ibilguan ibiliko dira, France Bleu Pays Basque Iparraldeko irrati kateak eta Euskadi Irratiak elkarlanean egiten duten saioan.
Oiz menditik herriz herri jaisten den ibai honetan, Aulestin egingo dugu lehen geldialdia, Lea Ibarra mankomunitateaz jarduteko. Gizaburuagan, Bengolea inguruan ibiliko gara, zubiari begira, gertuko ondarea ezagutuz, eta Gizaburuagako IXIWOOD enpresa berezia bisitatuko dugu; hango egurrezko belarritako, lepoko, poltsa eta betaurrekoak probatuko ditugu. Bestalde, Mendexako abentura parkera igoko gara Leatik gora igarota, eta Lekeitioko Learekin hitzordua egingo dugu, saioa ixteko.
Euskadi-Nafarroa-Akitania erakundearen diru-laguntzari esker zabaltzen dugu irrati-uhinetan 'Zubiak' saioa igande arratsaldero.