Itxi

Saioak A-Z

HEM-Trindoor txapelketan

Donostiak aurtengo bigarren marka onena

A.E.

Erredakzioa

Mutriku azken orduan baja izan da kideetako bat gaisotu egin delako, beraz kanporaketa soila izan da gaurkoa Donostiarentzat, baina ez hargatik pizgarririk gabea.

Aloña Gastesi (arraunlaria), Saioa Olite (txirrindularia) eta Pili Bodegas (korrikalaria) dena ematera etorri dira gaur, eta nahiz final aurrekoetan aritzeko txartela bazutela jakin, hala eman dute. Trindoorraren denboraldi honetako bigarren markarik onena egin dute, hara hor beren aurkezpen txartela aurtengorako.

Iaz Bilbok kaleratu zuen Donostia eta aurten langa hori gainditu nahi zuten. Iazkotik lagun berria Aloña Gastesi izan da, Koxtapen arraun egiten duen eta San Pedron bizi den añorgarra. Arraun munduko ‘beterana’ bera, Fortunan eta Zumaian ere aritutakoa, Rebeka Fernandezen lekua hartu du. Eta bai ondo kunplitu ere: 2’51” ergometroko 750 metroetan. Saioa Olitek hartu du lekukoa. Iazko aldean entrenamendu gutxiago osatuta dago aurten lan arrazoiak tarteko, baina honek ere bere maila eman du: 5’59” bizikleta finkoko 4 kilometroetan. Eta amaitzeko Pili Bodegas korrikako zintan espektakulua emanez: 1500 metroak osatuz denboraldiko bigarren markarik onena egin du, berak iaz egin zuena 13”tan hobetuz, 5’28” eginda.

Guztira beraz 14’19”, aurtengo bigarren marka onena, Azpeitia lehenarekiko 15”ko atzerapenaz, eta Abadiño, Hondarribia eta Gernikaren aurretik besteren artean. Lauko Finalean sartzeko hautagaitza sendoa aurkeztu dute, bai.