Euskadi Irratia
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Rufi Etxeberria: 'Gobernuari beldurra ematen dio errealitate berriak'
Erredakzioa
Ezker abertzalearen bozeramaileak dio ezker abertzalearen "errealitate berria" onartzeak "estrategia aldatzera" behartuko lukeela Gobernua, eta exekutiboak "ez du hori egin nahi".
Rufi Etxeberria ezker abertzalearen bozeramaileak esan du "Gobernuak onartuko balu ezker abertzaleak errealitate berria ireki duela, estrategia aldatzera" behartuta egongo litzatekeela, baina "Gobernuak ez du hori egin nahi".
Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, Sortuk "dagoeneko" legezkoa beharko luke izan, baina baldintza gehiago jartzen dizkiote, eta horiek "aitzakia" besterik ez dira.
Haren esanetan, "Gobernuak ez balu interes politikoekin jokatuko" Sortu legezkoa izango litzateke, baina "neurri demokratikoetatik kanpo neurri politikoak erabiliz sartu ditu alegazioak eta auzitegien bidera eraman ditu".
Rufi Etxeberriak adierazi duenez, Sortuk iragan astean kaleratu zuen agiria "ezker abertzaleak iaz hartu zituen sakonera handiko erabakietan" kokatu behar da, "Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuaren eskariak ez dira aitzakiak besterik, Sortuk eta ezker abertzaleak hartu beharreko erabakiak hartuta daude eta legeztatzea zailtzeko asmakizunak dira, neurri berriak, legearekin zerikusia ez dutenak, legez eman behar den legeztapena atzeratzeko".
Gobernuak jokatzen duen paperari dagokionez, Etxeberriak uste du Gobernuak "bertigo izugarria" diola "Euskal Herrian ireki den egoera politikoari", izan ere, ezker abertzalearen "errealitate berria" onartzeak "estrategia aldatzera" behartuko luke Gobernua, eta exekutiboak "ez du hori egin nahi".