Saioak A-Z
HEM-Trindoor Txapelketa
Hondarribiak errekorra eta Zarautzek bere marka hobetu
A.E.
Erredakzioa
Emakumezkoen herri arteko Trindoor Txapelketaren bigarren fasea sekulako indarrez hasi da. Hondarribiak denboraldiko marka nagusia hobetu eta Zarautzek bere marka 15”tan hobetu du.
Zazpi talde dira Lauko Finalera sailkatzeko hautagaiak, eta haietan lau azkarrenak sailkatuko dira. Final laurdenetan ez bezala bigarren fase honetan denbora onenek balioko dute, ez dago kanporaketarik. Alegia, talde guztiek dena eman behar dutela sailkatzeko.
Bada horretan abantaila, eta nolakoa gainera, Hondarribiko hirukoak hartu du. Denboraldiko marka nagusia egin du, Azpeitiarena zena 10”an hobetuz: 13’54”. Urolaldekoen iazko marka, hori bai, 6”-ko aldeagatik ez dute hautsi.
Maialen Arrizabagalak denboraldiko marka onena zeukan, eta iaz Ane Balentziaga getariarrak eginiko errekorra segundo bakarrera zeukanez hura hobetzea zuen gaurko helburu. Bada berdindu egin du. 2’38”an osatu ditu 750 metroak arrauneko ergometroan. Lan ikaragarria Hondarribia arraun taldeko kidearena.
Ana Yunta Debabarrena taldeko txirrindulari eta duatloilariaren txanda gero bizikletan. Ezker mokorraldean duen lesio bat tarteko apenas entrenatzerik izan duen aurten, baina sasoitik falta duena kastarekin ordezkatu eta bere aurreko marka 5”an hobetzeko gai izan da: 6’03” 4 kilometroak bizikleta finkoan osatzeko.
Eta azken traka Aratz Rodrigez Bidasoa AT-ko atletaren eskutik. Euskadiko iraupen-erdiko atleta onenetakoa izaki, erakustaldia eskaini du zintan 1’5 kilometroak osatuz. Orduko 17 kilometroan hasi, indarrak gordez pixkanaka igo erritmoa, eta orduko 21ean amaitu du saioa Trindoorreko errekor nagusia 2”an hautsiz: 5’12”. Gozamena haren jarduna jarraitzea, gozamena haren marka kontatzea.
Zarautz aritu da aurretik. Codeam Triatloi Taldeko Patri Damian, Miren Casado eta Bego Urbitarte espezialistak izan gabe ondo baino hobeto moldatu dira makinetan. Damianek 2’56” egin du arraunean, 4”ko hobekuntza final laurdenetako saioarekin alderatuta; Imanol Cascante pasaitarraren lezioak jaso ditu ergometro lanerako, eta baita fruitua jaso ere.
Casadok ere bizikletako bere aurreko marka hobetu egin du 6’27” eginaz. Distantzia luzeko euskal triatloilaririk onenetako bat bera, ez dago doituta halako indar proba batetarako, baina bai ondo jardun ere.
Bego Urbitartek, berriz, 6’-ko mugarritik behera aritzea zuen helburu eta lortu du: 5’55” egin eta top kantatu zaion orduko eskumuturra garaipen ikur gisa goratuz pozarren ospatu du bere lana.
Berea, eta taldearena, izan ere, segundoa handik, segundoa hemendik, 15” jan dizkiote aurretik zuten markari 15’19” eginda. Bikain!
Hurrengo bost taldeek badituzte beraz aintzat hartzeko bi marka on. Apirilaren 2an bizkaitarren txanda, Gernika eta Berriz. Eta apirilaren 9an Azpeitia, Donostia eta Abadiño. Lauko Finaleko txartelak garesti daude!