Euskadi Irratia
Erreportaje berezia
Melilla: hesia
Aitor Perez Bueno | Euskadi Irratia
'Haur migranteak, ametsaren arantzak' erreportaje sortan, Aitor Perez Bueno lankidearen hirugarren geltokia Melilla da. Hesia da bere ezaugarri nabarmena.
-
Melillako hesia
2:53 min
Melilla kokapen geografrikoak markatutako hiria da. Lur espainiarra, afrikar kontinentean. 12 kilometro koadro besterik ez dira, eta migrazioari lotutako presioa nabarmena da. Lehenengo adierazlea, taxian sartu eta hegoaldeko muga zehazten duen hesi ikaragarria.
Mohamed gure taxistak dioenez, Melillako biztanleentzat ohikoa den hesia, oztopo da Afrika atzean utzi nahi dutenentzat. Berak adingabe izanda lortu zuen. Baina orain, beste asko bezala, Melillatik atera ezinda dago eta kalean bizi da.
Eulalia jubilatua dago eta hilabeteak daramatza PRODEIM elkarteari laguntza ematen. Hiri autonomoan kalean bizi diren adingabeak laguntzea dute helburu. Gazteak eskertuta daude oso. Janaria ematen diete, baina hori baino, gizartea ez bezala, prest daude adingabe hauek esateko daukatena entzuteko. Maite eta Rafael PRODEIMeko boluntarioak dira.
Ikusiezinak diren eta kalean bizi direnen artean, batzuek 12 edo 13 urte dituzte. Brahimen kasuan, poliziaren indarkeria salatzen du. Portura sartzen saiatzen direnean behin eta berriz kolpatzen dituztela dio. Ez ditu ahaztu jarri berri dituzten kontzertinak portuko segurtasuna indartzeko. Eta bakarrik Melillara heltzea oso zaila dela diote.
Beste gazte honen kasuan, 11 urte zituen Melillara heldu zenean, eta, beste asko bezala, hiriko adingabekoen zentru ezagunenatik pasatu zen.
La Purisimak 180 adingabe hartzeko lekua du. Baina UNICEFek eta beste kolektibo batzuk salatu dutenez, 600 haur izatera heldu da. Etengabekoak izan dira baldintza txarren salaketak eta egoera horren ondorioz, adingabe askok zentroa uzteko erabakia hartzen du, eta gehienek kalean bizitzen bukatzen dute.