Euskadi Irratia
Asteartean
Lander Martinez eta Euskarabidea, 'Faktoria'n
Euskadi Irratia
Elkarrekin Podemoseko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea A10ko hauteskundeez eta Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuaz ariko da. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea ere izango dugu.
-
Lander Martinezen artxiboko irudi bat
Asteazken honetan, 09:00etatik aurrera, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea elkarrizketatuko du Maite Artolak. Azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen aurrekontu proiektuaz, estatutuaz eta bestelakoez ariko dira.
Euskarari eta bereziki Nafarroako egoerari ere erreparatuko dio saioak. Nafarroako Auzitegiak ezabatu egin du eremu mistoan eta ez euskaldunean euskara meritu gisa baloratzeko betebeharra. Horren aurrean, Nafarroako Gobernuak helegiterik ez jartzea erabaki du, eta hurrengo deialdi publikoei begira, arau sorta berri bat prestatzeari ekin dio. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea gurean izango da, auzi horren ingurukoak eta beste hainbat gai jorratzeko.
Solasaldian, Iker Riojak, Hedoi Etxartek eta Mikel Irizarrek parte hartuko dute. Eguneko zutabea Amagoia Gurrutxagak sinatuko du; zinema mundukoa, berriz, Koldo Almandozek.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Lehenik eta behin, norberak bere sagarrekin zukua egiteko Ozaetako kooperatiba ezagutuko dugu. Horrez gainera, '50 kilometro'ko txangoak egiten jarraituko dugu. Bihar, Bidarraitik Orreagara joango gara, tartean topatzen ditugun gauza interesgarriak kontatu bitartean.
Jarraian, 'Gau Beltza', arimen gaua, gau iluna edo Halloween izenekoa izango dugu hizpide, Itxaso Lekuonaren eskutik. Lekuona Gaubeltza.eus atariko ekimenaren antolatzailea da eta berak kontatuko digu zer antolatzen ari diren. Gasteizen Zakatumba jaialdia antolatu dute berriro ere giro horretan eta Aitziber Mondejarek esango digu zer ari diren egiten.
Azkenik, arnas fisioterapia zer den, zertarako erabiltzen den eta nolako onurak dituen ere ezagutuko dugu Naiara Navarro fisioterapeutarekin.
07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.