Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Faktoria

Greba hezkuntza arloan

A.Z.

Euskadi Irratia

Iparraldean greba eguna dute gaur eta Nafarroan ere irakasalea mobilizatuta daude

Audioak (1)

Hezkuntza munduan protesta giroan hasi dute ikasturte berria. Krisiaren ondorioz murrizketa nabarmenak jasan dituen zerbitzu publikoetako bat dela salatzen dute langileek, eta ondorioak ikasleek pairatuko dituztela.

Iritsi zitekeenarekin oso kezkatuta bukatu zuten iazko ikasturtea, eta haserre hasi dute aurtengoa. Salatu dutenez, murrizketen mamua errealitate bihurtu, eta irakasle gutxiagorekin ekin behar izan diote aurtengo kurtsoari. Geldialdiak, elkarretaratzeak eta manifestazioak iragarri dituzte egun hauetarako. Ipar Euskal Herrian greba dute gaur eskola publikoetako langileek. Baina ikastola eta beste eskola pribatuetako langile askok ere bat egingo dutela uste da. Datorren urtean Frantziako estatuan 14.000 irakasle gutxiago izango direla salatu nahi dute, eta datozen bost urteetan 80.000 gutxiago. Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan 100 ikastetxek itxiko dituzte ateak gaur.

Ipar Euskal Herrian gaur, beraz, greba eguna. Nafarroan ere egin dituzte protestak orain arte, eta urria ere bete beteta dakarte.

Urriaren 18an hasita geldialdiak, manifestazioa urriaren 22an eta greba egingo dute 27an. 2011ko aurrekontuetan Hezkuntzarako diruak %13 murriztu zirela salatzen dute, 50 milioi euro inguru, eta datorren urtean ere antzerako murrizketa izango dela. Diru gutxiago, eta beraz langile eta baliabide gutxiago. Iaz baino 230 irakasle gutxiago izango dira, aniztasunaren trataerarako %18 gutxiago erabili ahal izan da aurten, irakasleen formakuntzarako %20 gutxiago, eskolaz kanpoko ekintzak bertan behera utzi dira, bekak %6 gutxitu dira eta teknologia berrietarako %26 gutxiago dago. Matrikulazioak, berriz, gora egin du Nafarroako sare publikoan. Murrizketek hezkuntzaren kalitateari kalte egingo diotela uste dute sindikatu, langile eta gurasoek, eta horregatik bat egin dute guztiek iragarritako protestekin

Jose Iribas hezkuntza kontseilariak argi esan du. Hitz egiteko prest dagoela, baina badirela gauza batzuk, atzera bueltarik ez dutenak, esate baterako irakasleek astean 18 ordu eman beharko dituztela lan itunean jasota dituzten 17 orduen ordez, eta ondorioz 200 bat irakasle gutxiago kontratatuko dituztela. Hezkuntza Kontseilariak eduki politikoa ikusten die protestei.