30 urte
EUSKADI IRRATIAK 30 URTE
Hitz eta soinuen ortzadarra
FELIPE JUARISTI - EI-ko zuzendaria
30 urte beteko ditu aurten Euskadi Irratiak. Kopuru ederra eta harrigarria: 30 urtez egunero-egunero euskara hutsez bertako eta ondoan dagoen munduko albisteak zerbitzatzen.
-
Euskadi Irratia
Hogeita hamar urte beteko ditu aurten Euskadi Irratiak. Kopuru ederra da. Harrigarria ere bai: hogeita hamar urtez egunero-egunero euskara hutsez bertako eta ondoan dagoen munduko albisteak zerbitzatzen. Errealitate bihurtu dugu ametsa. Eta ametsak segitzen du errealitatea elikatzen, soinuz eta ahotsez.
Hogeita hamar urte hauetan hotza nagusi zen etxe askotara eman dugu beroa; eguzki txikiak balira bezala sartu ditugu hitzak irratietatik barrena, fantasiazko lurralde bat zeharkatu ondoren. Triste zegoen jende asko kontsolatu dugu. Gaixo zegoen jende asko osatu dugu, hitzak sendagarriak baitira; edozein botika bezain baliagarri ere bai gorputz eta arimako gaitzak aienatzeko. Bakarrik zegoen jende askori ekarri diogu konpainia ona. Mutu zegoen jende askori eman diogu esateko zuena esateko aukera. Triste bizi izan den jende askori ekarri diogu poza barne muinetaraino. Barrutik gorrak izan direnak entzuteko ahalmenaz jantzi ditugu, oso dotore. Etxe huts abandonatuak musikaz bete ditugu, lehertarazteraino. Jende galduari bere burua aurkitzen lagundu diogu. Jende eroriari altxatzeko makulua utzi diogu. Txoriak sartu dizkiogu buruan habia baino ez zuen jendeari.
Horrela ibili gara azken hogeita hamar urte hauetan. Etxeetako eta gizon-emakumeetako bihotzetan sartu eta irtenez, lotsa handirik gabe. Baina beti utzi dugu zerbait opari: abestiren bat, bertsoren bat, aireren bat, albisteren bat, sentimenduren bat, ahozko usainen bat.
Baina hori guztia ez zen posible izango zuen laguntzarik gabe: guk deituta guregana etorri zareten guztiok gabe; egunero, hutsik egiteke, irratigalua gu entzuteko piztu duzuen guztiok gabe; gugan konfiantza izan duzuen guztiok gabe, guk zuengan izan dugun bezala; orain hogeita hamar urte soinu arteko abentura honetan sinetsi zenuten guztiok gabe; makalaldian, arnasa eman duzuon guztiok gabe; gurean iragarkiak sartu dituzuenok gabe.
Zuei esker, hogeita hamar urte beteko ditugu. Poztu gaitezen denok.