Euskadi Irratia
Urtarrilak 28
Arabako Mahastiak jatorri izendapenaz, "Faktoria"n
EITB Media
Itxaso Compañon ABRA Arabako Errioxako argogileen elkarteko presidentea eta Iñigo Tapiador Errioxa jatorri izendapen babestuko komunikazio arduradunak elkarrizketatuko ditugu, 08:30ean.
-
Goardiako mahastiak. Argazkia: Josune Ugarte
Arabako Mahastiak jatorri izendapen berria sortzeko eskaria otsailean bertan iritsiko da Bruselara. Errioxako Jatorri Izendapenak bide hori eragozteko epaitegietara jotzea erabaki zuten udazkenean, eta hortxe lehertu zuen sor-markari buruzko enegarren eztabaida. Prozesu hori zertan den, Errioxako upategiek zer defendatzen duten eta Arabakoak zer azalduko dugu ostiralean "Faktoria"n. Itxaso Compañon Araba Errioxako ardogileen elkarteko (ABRA) presidentea eta Iñigo Tapiador Errioxa jatorri izendapen babestuko komunikazio arduradunak elkarrizketatuko ditugu, 08:30etik aurrera.
09:00etan, solasaldiaren orduan, Ramon Ibeas, Javier Arrieta eta Hedoi Etxarte bilduko dira irrati mahaira. 10:00ak baino lehen, Maddalen Arzallusek hartuko du lekua, gitarraz eta musikaz.
10:00etako albistegiaren ostean ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, itxitako komertzioetako pertsianetan emakumeen memoria erakusteko egitasmoaz hitz egingo digu Ellas proiektuko Naia Muñoz Muruarekin. Ondoren, Muskizen egingo duten Txirigota feministaz ariko gara Maider Arnaiz Setem GKEko teknikariarekin, eta musika klasikoa txalo joz nola interpretatzen duten kontatuko digu Nelly Ghilhemsansek, Kanboko Mixel Garikoitz ikastetxeko musika irakasleak. Ondoren, Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendaria etorriko zaigu, ostiralero legez, Elkanori buruz hitz egitera.
Idoia Torregarairen showa ere izango dugu. Gainera, Astrid Lindgren, Pipiren egilea, hil zela 20 urte bete direnez, Iurretan antolatutako jardunaldien berri emango digu Josune Muñozek, emakume literaturan aditua eta Skolastika gune literario eta feministako sortzaileak.