Itxi

Irratia

Euskadi Irratia

Euskadi Irratia

Ostirala, apirilak 29

Bezeroak erakartzeko enpresa handien marketing estrategiez, "Faktoria"n

EITB Media

Alex Gibelalde, Twitter, Google eta HBOko ordezkari izandako aholkularia, eta Leire Treviño Laboral Kutxako aseguruen aditua, Beñat Urrutikoetxea Bilbao Berrikuntzako irakaslea eta Juan Antonio Barrenetxea EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Soziologia irakaslea izango ditugu.

  • Netflix

    Netflix

Joan den astean jakin genuen Netflix plataformak bezeroak galdu dituela, hamar urtean lehen aldiz. 2,5 milioi harpidedun berri egiteko helburua zuen konpainiak, eta bezeroak irabazi beharrean, 200.000 galdu ditu. Wall Streeten % 40tik gora galarazi dio iragarpen horrek streaming plataformari, eta etorkizunerako estrategiak aldatzera behartu du; izan ere, konpetentzia gero eta handiagoa da eta kontsumitzaileak gero eta gehiago begiratzen dio eskaintza onenari, konpainiaz aldatuta. Ikus-entzunezkoetan bezala, joera hori indartzen ari da telefonia sektorean eta argindar eta gasarenean. Ondorioz, eskaintzak hobetzeko baino bezeroak fidelizatzeko estrategiak bultzatzen ari dira orain? Adituei egingo diegu galdera ostiral honetan, "Faktoria"n.

08:30ean batuko ditu estudiotan Alex Gibelalde, besteak beste, Twitter, Google eta HBOko ordezkari izandako aholkularia, eta Leire Treviño Laboral Kutxako aseguruen aditua. Beñat Urrutikoetxea Bilbao Berrikuntzako irakaslea eta Juan Antonio Barrenetxea EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Soziologia irakaslearen ikuspegiak ere jasoko ditugu.

09:00etan, analisirako tartean, Martxelo Otamendi, Elena Laka eta Javier Arrieta eseriko dira irratiko mahaiaren bueltan.

10:00etan ekingo dio albistegiari Manu Etxazortuk. Hasteko, bueltan diren barrakez ariko gfara Maria Garmendiarekin, eta Bilbon pandemian irekitako terrazak kenduko dituztenez, terreza batera joko du Karmele Uribesalgo lankideak. Gainera, Barakaldoko Bagatza antzerki jaialdiaz hitz egingo digu Mikel Pikaza antolatzaileak, eta Xabier Crehuet musikariak, berriz, Tabakaleran duen emanaldiaz hitz egingo digu.Bestalde, Beskoitzeko ikastola txiki ari zaie geratzen, eta Julen Jaureguy guraso eta administrazio kontseiluko kideak emango dizkigu azalpenak. Sara Urionabarrenetxea Ekonomia irakaslearekin, berriz, Ekonomiaz eta Psikologiaz hitz egingo dugu.

Miamiko Leku jatetxea ezagutuko dugu Mikel Goikolea sukaldari eta jatetxeko arduradunarekin, eta Busturialdeko "Ongi-etorri errefuxiatuak" elkartekoek errefuxiatuen gaia haurrekin lantzeko atera duten liburuaz hitz egingo digu Zirats Apraizek. Azkenik, paleolitiko garaiko dieta ikertzeko beka jaso duen Amaia Arranz historialari eta arkeobotanikan doktorea ezagutuko dugu.