Euskadi Irratia
Irratilagunak
Pernando Barrena eta Ramon Etxezarreta, aurrez aurre Euskadi Irratian
Erredakzioa
'Euskadi Irratiak 30 urte' ekimenaren barruan, 'Irratilagunak' egitasmoa hartu du San Telmo Museoak. PSE-EE eta ezker abertzaleko politikariak solasean izan dira berriz, garai batean bezala.
Irratilagunak sail berria abiatu du gaur Euskadi Irratiak bere 30. urteurrena ospatzeko. ‘Mikrofono gorriak’ kalera atera dituzte berriz ere, gaurkoan Donostiako San Telmo museora. Ekimeneko lehen gonbidatuak Pernando Barrena eta Ramon Etxezarreta politikariak izan dira. Manu Etxezortu kazetaria esatearitzat izan duen saio berezi batean irratian izandako bizipenak gogora ekarri dituzte.
Politikan arerioak izanda ere, irratiak lagun egin ditu Pernando Barrena eta Ramon Etxezarreta, Irratian kideak izan dira urte luzez, Euskadi Irratian politika eta gaurkotasuneko gaiak jorratzeko egiten zen ostiral goizetako solasaldian parte hartzen zuten eta.
ETAren indar handieneko urteetan tertuliakide izan ziren biak. Atentatuak eta bestelako une latzak irratiratzea suertatu zitzaien, beti ere bakoitzak bere aldeari eutsita. Tertulietan alderdi politiko bat ordezkatzean, alderdiaren esanei norbere iritzia ere gehitu beharraren aldeko agertu da Barrena baina, Etxezarreta eta bera, ‘ideologia mailan elkarren antipodetan egonda ere, ez genion errespetua elkarri inoiz galdu’, baieztatu du.
Solasaldian jorratu duten gai nagusienetako bat memoriarena izan da eta bortizkeria nagusi izan zen hamarkada horietan Euskal Herrian jazotakoa nola idatziko litzatekeen azaltzen saiatu dira. Bizipen horien errelatoa egitearen aldeko agertu dira biak ere. Zentzu horretan Etxezarretak ‘egia eta zintzotasuna’ erabilita kontatu beharko litzatekeela mantendu du, ‘gauzak nola gertatu ziren jakiteko gai gara eta’.