Euskadi Irratia
Otsailak 15 asteazkena
Muga pasabideez, "Faktoria"n
EITB Media
Hego eta Ipar Euskal Herri artean Frantziak itxita dituen muga pasabideen gaiari helduko diogu.
-
Mugen itxieraren kontrako manifestazioa
Hego eta Ipar Euskal Herri artean Frantziak itxita dituen muga pasabideen gaiari helduko diogu bete-betean, asteazkeneko "Faktoria"n. Horretarako, Larraine, Urepel eta Hendaiako udaletako ordezkariekin hitz egingo dugu. 9:00etatik aurrera hasiko dugu solasaldia Ibai Fernandezekin, Josune Ariztondorekin eta Nagua Albarekin, eta, besteak beste, Nafarroako sektore publikoan sindikatu guztiek deitu duten greba zein jarraipen izaten ari den kontatuko digu zuzenean Eli Eraso lankideak.
Lekukoa Maider Segurolak hartuko du 10:00etan, magazinari ekiteko. "Bai baina" tartean, Maitane Alonso izango dugu, eta, ondoren, Animalien Babeserako Legeaz hitz egiteko etorriko zaigu Egoitz Bikandi, Bizkaiko albaitari kolegioko presidenteordea. Munduaren Akabera tartean, Afrikaz ariko gara Ibone Ametzagarekin (ingurumena), Leire Agirreazkuenagarekin (hezkuntza), Manex Urruzolarekin (Elhuyar) eta Naiara Arrirekin (Elhuyar).
Informazio lokalaren tartean, Arabako Indarra Euskal Kultura Elkarteak inauterietarako prestatutako ikuskizun bereziaz ariko gara Josu Arce elkarteko kidearekin. Gainera, kooperante bizitzaz hitz egingo digu Mundukideko Asier Elorzak, eta erretretaren atarian ahuntzak eta ardiak Obsalim metodoarekin eta ekologikoan hazten dituen Ttotte Elizondorekin ariko gara (Urruñako "Xabat baita" etxaldeko laboraria)