Amarauna
Amarauna
Musika, txoko bitxiak, Korrika eta artea hizpide Amaraunean
Larunbatean, txalapartari buruzko kongresua egingo dute Iruñean, eta 'Amarauna' han egongo da, eta, igandean, Kobazuloen eguna ospatzen dela eta, hainbat leizetako txokorik bitxienak bilatuko dituzte.
Larunbatean, 10:00etan, 'Amarauna' Iruñean egingo den txalapartari buruzko kongresuan egongo da, eta handik ekonomiaz hitz egitera pasatuko dira, tartean Egipton egingo den foroaz. 11:00etan, Amets Arzallusek aste honetako gogoeta eskainiko du, eta, eguerditik aurrera, Dani Lasa Mugaritz jatetxeko sukaldariak merkatuei buruz hitz egingo du. Bestalde, herrietako azoken eraldaketaz hitz egiteko asmoz, Lekeitioko Udalaren erabakiaren berri jasoko dute, eta Onintza Enbeitaren merkatuko esperientzia izango dute hizpide. Amaitzeko, atzerriko Korrikak ezagutuko dituzte; Urepeletik hasi aurretik, nazioarteko Korrika martxan izango baita.
Igandean, Kobazuloen eguna dela eta, Euskal Herriko hainbat leizetako txokorik bitxienen bila joango da 'Amaraun'eko lantaldea. Bestalde, Bergaran Mozkorti Barregarria opera emango dute, herritarrek egina, eta prestaketan aritu direnak gonbidatu dituzte 'Amaraun'era, Enrike Bert adituarekin batera. Saharara bidaia ere egingo dute, Donostian udaletxe aurrean haima bat ipiniko baitute Sahararen aldeko ekitaldian. 'Amarauna' zuzenean egongo da bertan. Amaitzeko, blogarien atalean, Ana Malagon, Goio Telletxea eta haritz Rodriguez izango dituzte.