Amarauna
Martxoak 18
Futbolean arrazakeriaren aurka, larunbatean, 'Amarauna' saioan
Indartsu eta Urduña jubenil mailako bi taldeak 'Kirol legez, denok irabazle!' arrazakeriaren aurkako leloa soinean dutela aterako dira zelaira larunbatean egingo duten partida hasi aurretik.
Futbolean arrazakeriaren aurka ematen ari diren pausoak izango ditugu hizpide, larunbatean, 'Amarauna' saioan. Indartsu eta Urduña jubeniletako bi taldeak 'Kirol legez, denok irabazle!' arrazakeriaren aurkako elastikoak soinean dituztela aterako dira zelaira larunbatean, partida hasi aurretik. Duela bi aste San Miguel eta Orduña taldeen arteko partidan izan ziren iseka xenofoboen aurrean, zein neurri hartu dituzten kontatuko digute Urduñako Kirol zinegotziak eta Indartsu taldeko entrenatzaileak.
Bestalde, euskoari buruz ere mintzatuko gara, Ipar Euskal Herriko diruak urrats berria egin baitu, digitalizaziorako bidea. Egun, 548.237 eusko dabiltza zirkulatzen Ipar Euskal Herrian. Orain erronka berri bat dute parez pare: diru fisikotik birtualera igarotzea. Kreditu txartel baten itxura duen Euskokarta da Euskal Moneta elkarteak proposatu duen azken berrikuntza: euskoaren bertsio digitala. Euskokartari buruzko informazioa zabaltzen ari dira eusko-karabanaren bitartez, eta karabana Baionara iritsiko da larunbat arratsaldean. Xebas Christyk emango digu euskoaren berri, eta Marilue Lapeyrdek azalduko digu karabanako esperientzia nola joan den.
Gainera, bidaiatzen jarraitzeko, larunbateko saioa Sevaturren amaituko dugu. Arantxa Arzak turismo eskaintzak kontatuko dizkigu, udako oporrak prestatzen laguntzeko.
guntzeko.