Amarauna
Rohingyak Myanmar exodoa
Ane Irazabal: 'Rohingyek Kataluniako egoeraz galdetu didate ihesean'
Rohingya etniako seiehun mila lagunek egin dute ihes Myanmardik Bangladeshera azken bi hilabetean. Ane Irazabal exodoaren lekuko izan da eta Iñigo Lamarkak eta biek hitz egin digute egoeraz.
-
22:43 min
Errefuxiatu eremuetan rohingyek kontatu dizkiotenak ekarri dizkigu Ane Irazabalek: emakume ugarik ume jaio berriak kendu eta erre edo ibaira bota dizkietela esan diote, familiakoak eta herri osoak erre dituztela ere bai, eta baita sexu erasoak jasan dituztela ere.
Bangladesko kanpalekuetan egoera penagarria dela dio, urik ez dutelako eta janaria partitzeko ere lanak dituzte koordinazio faltagatik. Genevan aste hontan onartu dute hogeita hamabost herrialdek laurehun eta hogeita hamalau mila dolar jartzea errefuxiatuak artatzeko. Rohingyen etniakoak musulmanak dira eta ez dute oraingoa jazarpena. Myanmarrek Erresuma Batuaren kolonia izateari utzi zionetik ari dira etengabeko zapalkuntza sufritzen Myanmargo budisten partetik Iñigo Lamarkak kontatu digunez. 1982an hiritartasun eskubidea kendu zieten eta hogeita hamar urtean bostgarren ihesaldia dute hau.
Azken aldian, roinghyen askapenerako taldeak armadari eraso egin dio eta Myanmargo estatuak gogor erantzun ISISekin elkar hartuta ari direla esanda. Rohingyen herriska osoak erre dituzte eta eremu horiek kolonizatu ere bai.
Ihes egin dutenek itzulerarik ez dutela irudikatzen azaldu digu Ane Irazabalek euskadi irratiko 'Amarauna' saioan, ezer geratzen ez den lekura ezin dutela bueltatu. Hala ere, besteekiko interesik ez dutela galdu kontatu digu kazetariak eta Kataluniako egoeraz kezkatuta galdetu diotela.