Amarauna
Juan Sebastian Elkano
Amuaitz Lertxundi: 'Egurrezko ontziak urean joaten dira, berriak ur gainean'
Juan Sebastian Elkano armadaren barkuari egindako ongietorri eta gaizkietorriak, bisitariak eta Lucretia belaontziko kapitaina Amaraunean. Jexux Artetxe joan da Getariako moilara.
-
Lucretia ontzia Getariako portuan Juan Sebastian Elkano ontziaren aldamenean.
19:58 min
Jendetza joan da Juan Sebastian Elkano ontzia ikustera kaira. Getarian militarrik ez dutela nahi aldarrikatzeko ere ekitaldi ugari antolatu dituzte. Izugarria da neurriz barkua, hogei bela, lau masta eta laurogeia hamalau metro luze eta hamahiru zabal ditu armadak erakutsi duen ontziak. Berrehun eta berrogeita hamaika laguneko eskifaia eramateko prestatuta dago gainera. Bere handitasunak bisitari asko liluratu ditu, beste batzuk ordea zapuztuta atera dira bisitatik, ez dietelako belaontziaren barrenik erakutsi.
Aparteko barkuen artean, Elkano ontziaren alboan, Getariako portuan amarratuta eta erakusgai daude Euskal Herriko Unibersidadearen Saltillo, Mater museo ibiltaria den atunontzi zaharberritua eta Lucretia ontzia. Lucretia barkua, 1927an Cadizko ontziolan eraiki zuten. Kapitainak kontatu digunez, jabearen alabari asmarentzat itsasoko brisa gomendatu zion medikuak eta aitak barkua egitea enkargatu zuen. Umearentzat zenez, haurraren izena jarri zion, Lucretia. Ia mendea du barkuak eta ontzia zaharberritzen bederatzi hilabete eman zituzten Amuaitz Lertxundik eta Edgar de Pedrok. Amuaitz kapitainak hartu du Jexux Artetxe barkuan eta belaontziaren istoria eta ezaugarriez jardun dute. Amuaitz Lertxundik kontatu duenez, jendea harrituta geratzen da egurrak hainbeste urtean nola eusten dion ikusita. Berarentzat belaontziak ez dira barku modernoak bezalakoak, ez dute ezta kolorerik ere. Belaontziak uretan joaten direla dio berak, eta berriki egindakoak berriz, ur gainean ibiltzen direla.
Gaur Getarian dira ontziak, bihar eta etzi berriz Getxon egongo dira ikusgai. Nolanahi ere, ez dago sarrerarik, segituan agortu dira eta bostmila gonbidapenak. Elkanoren mundu biraren abiatzearen bosgarren mendeurrena dela eta ekitaldi andana antolatu dute Elkanoren Zeruertza deitutako egitarauan.