Amarauna
Heriotzaz solasaldia
Heriotzaz hitz eginda biziago daude Manex Beristain eta Iñaki Arregi
Umetan arreba hil zitzaion bati, gurasoak eta anaia gero. Besteak alargundu eta bi seme txikiekin egin du dolua. Death Cafeetan elkarrekin heriotzaz askotan jardun dute biek Durangon eta Azpeitian.
-
Manex Beristain eta Iñaki Arregi Euskadi Irratiko estudioan
22:42 min
Biografiak eraman du Iñaki Arregi elgoibartarra heriotza bizitzaren erdigunean jartzera. Meditazioan eta mikrogimnasian egin zituen ikasketak eta gaur egun Urbizixa dolu gunean lantzen ditu Elgoibarren. Heriotzaz hitz egiteko solasaldiak gero eta gehiago antolatzen direla dio berak, premia dagoelako. Mugimenduaren atzean sekulako bizitza dagoela ikusten du berak. Gorpu hau denboran oso motza dugula barneratu du berak, eta lanak ondo egin ezkero, norbait hiltzen denean bakea sentitu ere egin daitekeela dio.
Manex Beristainek bikotekidea hil zitzaionean erabaki zuen ez zuela bizitza berria eskema zaharrekin hasi nahi. Presentean jarrita eta ezer gerorako utzi gabe hasi zen bidea urratzen. Garbi zuen hasieratik lana berak egin beharko zuela eta umeei ezer ez ezkutatzea erabaki zuen. Hiletatik bueltan amaz galdetuta, inoiz ez zela bueltatuko esan zien garbi, baina gorde egingo zutela bihotzean, ondo gordeko zutela bihotzean. Zerbait inportantea galdutakoan, gauzei hain estu ez heltzen ikasi egiten dela azaldu digu. Dolua bukatu baino gehiago difuminatu egiten dela iritzi dio, eta umeek pistak ematen dituztela kontatu digu. Seme txikiak ez zuen orain arte ez ama eta ezta heriotza agertzen zen ipuinik nahi. Orain onartzen ditu ordea.