Itxi

Amarauna

'Amarauna', larunbatean

Kalaka auzia mintzagai, 'Amarauna' saioan

Euskadi Irratia

Koloretako Munstroa ikuskizunaz ere arituko dira larunbateko saioan.

  • Amarauna

    Amarauna

Hamabostero ohi dutenez, Arantxa Urretabizkaia eta Onintza Enbeita hasiko dira 'Amarauna' saretzen larunbatean, 10:00etan. Geroxeago, gizarte gaiei egingo diete tokia. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen telelagunza zerbitzuri erreparatuko diote, baita Bizkaiko Foru Aldundiak onartu duen arau berriari ere: aurrerantzean mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaileek hamabost eguneko atsedena hartzeko laguntza eskatu dezakete.

Bigarren ordua abiatzeko, Pantxo Flores eta Xabier Susperregi izango dituzte gonbidatu. Kalaka auzian nahastu zituzten Flores eta Susperregi 2007an, baita urtebetez kartzelan bakartuta eduki ere. Duela aste batzuk epaile batek ebatzi du "ez dagoela salaketak oinarritzeko elementu seriorik", eta auzia itxi du. Urte hauetako bidegurutzeak utzitako arrastoak eta eragindako gogoetak izango dituzte hizketagai. Bestalde, larunbat arratsaldean bertan Oñatin taularatuko duten 'Koloretako Munstroa' ikuskizunaren nondik norakoak azalduko dituzte Josu Zubia musikariak eta Aitor Biain Oñatiko Ganbara abesbatzako zuzendariak.

Azken orduan, Mexikoko berri ekarriko du Iñigo Bilbaok. Horrez gain, Mikel Garaizabal enologoa mahastien kimatzeaz eta izotzezko ardoez mintzatuko da. Gainera, Elgoibarrera ere egingo dute jira, hango Kultur Etxean Isiltasunaren Batzar bat egitekoak baitira. Jesus Bilbaok zehaztu du zein helburu duen hiru orduko bilkura isilak.

10:00etatik 13:00etara, 'Amarauna', Euskadi Irratian.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia