Amarauna
Lehen mundu gerrako grabazioak
Lehen Mundu Gerran Alemanian preso ziren soldadu euskaldunen abestiak gramofonoan
Prusiako Komisio Fonografikoak grabatu zituen 1916 eta 1917an. Agustin Mendizabal musikologoak transkribatu ditu eta Maite Deliart EKEko kultur balorizazio arduradunak eta biek aurkeztu dizkigute.
-
Antzinako gramofono bat
27:35 min
Lehen Mundu Gerran Alemanian preso ziren soldadu euskaldunen ahotsak bildu zituen Prusiako Komisio Fonografikoak grabatu zituen 1916 eta 1917an. "Gernikako Arbola", "Lau korteliar gazte" edo "Lili bat maite dut" dira presoek abestutakoak. 'Amarauna' saioan entzun ditugu horietako batzuk. Guztira 104 grabaketa dira, gehienak kantuak baina badira narrazioak ere: esaera zaharrak, kondairak, maskaraden deskripzioak zein gutunak. 1915ean sortu zen Prusiako Komisio Fonografikoa, Wilhelm Doegen hizkuntzalari alemaniarraren ekimenez. Mundu guztiko herrialdeen ahotsen bilduma hasi zen egitn, eta gerrak lan hori egitea eragotzi ziolarik, gatibuen eremuetara jo zuen. Hamar soldadu dira grabazioetan parte hartu zutenak. Mintzoak.eus atarian entzungai daude grabazio guztiak.
Orain Agustin Mendizabal musikologoak aztertu eta transkribatu egin ditu jasotako eleak. Maider Deliart berriz, aspaldi hasi zen grabazio hauen peskizan. Euskal Kultur Erakundeko ondrearen balorizazio arduradunak 2013an izan zuen grabazio hauen berri eta Alemaniara joan zen haien arrastoari segika. Grabazio batzuk argizarizko zilindroetan grabatu zituzten, beste batzuk berriz, disko gramofonikoetan. Miraria iruditzen zaio bi mundu gerra jasan zituen herrialdean gaur egunera grabazio hauek osorik iristea.
Duela ehun urte egindako bilduma da. Garai hartan, Eusko Ikaskutza ere ibili zen ahotsak jasotzeko grabagailua erostekotan, baina lastimaz ez da orduko ahots ondarerik.